Hasi da 1766ko matxinadaren inguruko hitzaldi zikloa Azpeitian

Uztarria.eus 2016ko mai. 26a, 12:32

Atzo, asteazkena, eman zioten hasiera Azpeitian 1766ko matxinadaren inguruko hitzaldi zikloari. Joseba Zuazo historialariak eta EHUko irakasleak eskaini zuen aurreneko solasaldia. Bertan hizpide izan zituen Euskal Herriko XVII. eta XVIII. mendeetako matxinadak, ikuspegi ekonomikotik aztertuta. Gariaren matxinada eragin zuten hainbat faktore azaldu zituen, ikuspegi ekonomikoari lotutakoak, eta horiek izan zituzten eraginak aipatu zituen. Horrez gain, garai haietan, XVII. eta XVIII. mendeetan, Euskal Herrian, Espainian nahiz Europako hainbat lurraldeetan izandako beste matxinada batzuen inguruan ere mintzatu zen.

1766ko matxinadaren inguruko hurrengo hitzaldia Azkoitian izango da, ekainaren 1ean. Oihane Oliverrek eskainiko du solasaldia, 'Emakumeen rolak antzinaroan', izenburupean. Azpeitian beste bi hitzaldi izango dira datozen asteetan, ekainaren 8an eta ekainaren 15. Ekainaren 8an David Zapirain izango da hizlaria eta 'Matxinadaren osteko kontrol soziala' hitzaldia eskainiko du. Ekaianren 15ean, aldiz, '1766ko matxinada, kultura eta umorea' hitzaldiaren txanda izango da, Iñigo Aranbarriren eskutik.

250 bete dira aurten Azkoitian eta Azpeitian gariaren matxinada bezala ezaguna den herri xehearen altxamendua lehertu zela. Hori ezagutarazteko asmoz, antolatu dute hitzaldi zikloa Azpeitiko Kultur Mahaiak, Azpeitiko Udalak eta Maxixatzen Euskara Elkarteak, elkarlanean.