Ostiralean hasiko da Azpeitiko XVII. Erremonte Txapelketa

Uztarria.eus 2016ko mai. 24a, 16:19
Aizpuru III.na, LarraƱaga, Udal zinegotziak eta Oriamendi enpresako ordezkariak, gaurko agerraldian.

Ostiralean hasi eta uztailaren 1a bitarteko ostiraletan jokatuko dituzte txapelketako partidak. Guztira, sei bikotek hartuko dute parte, bi taldetan banatuta.

Datorren ostiralean, maiatzak 27, hasiko da Azpeitiko XVII. Erremonte Txapelketa. Izarraitz pilotalekuan izango dira txapelketako partida guztiak, eta finala uztailaren 1ean jokatuko da. Txapelketan, guztira, sei bikotek hartuko dute parte, bi taldetan banatuta. A taldean arituko dira, Etxeberria IV.na, Zaldua, Matxin III.na, Labaka, Otaegi eta Ion. B taldea osatuko dute, aldiz, Matxin VI.nak, Agirrezabalak, Segurolak, Aizpuru III.nak, Ansa II.nak eta Larrañagak.

Gaur, asteartea, aurkeztu dute txapelketa, Estitxu Elduaien eta Mikel Ibarzabal Udal zinegotziek, Oriamendi enpresako ordezkariak eta txapelketan parte hartuko duten hainbat erremontistak. "Erremontea gure kirola eta tradizioa delako, erremontearen aldeko apustua egiten dugu Udaletik", adierazi du Estitxu Elduaienek, eta gaineratu du, herritarrak animatu nahi dituztela partidak ikustera joatera. Oriamendiko ordezkariek, "erremonteak Azpeitian bizirik jarraitzeko Udalak egiten duen ahalegina" eskertu dute.

Txapelketako partidak ostiralean hasi eta uztailaren 1a bitarteko ostiraletan jokatuko dituzte, ekainaren 17an izan ezik. Beraz, sailkapen partidak maiatzaren 27an, ekainaren 3an eta ekainaren 10ean izango dira. Ekainaren 24an finalaurrekoa jokatuko dute eta finala uztailaren 1ean izango da. Partida guztiak 18:30ean izango dira, Izarraitz pilotalekuan.

Kanporaketetako sarrerak bi euro ordaindu beharko dira, eta egunean bertan izango dira salgai leihatilan.