"Saskibaloia baino askoz gehiago da gure taldea"

Uztarria.eus 2016ko mai. 24a, 17:33
Ezkerretik eskubira, BeƱat Aldalur, Jon Etxaniz eta Jakes Alberdi.

Astebete da Disdira Bitxitegia ISB saskibaloiko EBA mailara igo zenetik, baina lortutakoaren ondotik, ilusioak eta pozak taldekideen artean jarraitzen du, oraindik. Disdira ISBko jokalariak dira Beñat Aldalur, Jon Etxaniz eta Jakes Alberdi, eta horiekin hitz egin du Uztarria.eus-ek.

Maiatzaren 15ean jaso zuen Disdira Bitxitegia ISBk, denboraldian zehar egindako lanaren ostean, merezitako saria: EBA mailara igotzea. "Helburua zen lauko finalera iristea, eta gero, irabaztea", azaldu du Jakes Alberdik (Azkoitia, 1992). Hori horrela, denboraldiaren balorazio "ezin hobea" egiten dute Disdira ISBko mutilek, "ezin baitzen lortutakoa baino ezer hoberik lortu".

Hiru urte eman dituzte EBA mailara igotzeko borrokan. Orain dela bi denboraldi, baina, bi punturengatik eskuetatik ihes egin zien maila igoerak, eta hura "momentu tristea" izan zela diote. Hala ere, horrek "aurrera jarraitzeko indarra" eman ziela azaldu dute, eta arantza kendu eta helburua lortu artean "gogor borrokatu" dutela. Denboraldia emaitza onekin bukatu badute, "faktore ezberdinengatik" izan dela azaldu dute Disdira ISBko mutilek.

Bereziki momentu bat nabarmendu dute joan den denboralditik: hiru ordu iraun zuen partida bat, lau luzapen izan zituena. "Denboraldiko inflexio puntua" izan zela azaldu dute: "Partida hura galdu izan bagenu, gauzak asko aldatu eta okertuko ziren. 110-106 irabazi genuen azkenean, eta horrek indar asko eman zigun denboraldiari gogoz eusteko".

Jasotako babesarekin "gustura"

Denboraldian zehar jaso duten babesa "azpimarragarria" izan dela dio Beñat Aldalurrek (Azpeitia, 1992)."Talde asko ditu ISBk, eta zaila da zale guztiak partida denak ikustera joatea. Hala ere, jendea hurbildu da gure partidak ikustera eta hori asko eskertzen dugu", adierazi du Jakes Alberdik. Horrez gain, Beñat Aldalurrek nabarmendu du play-offetan izan zuten babesa "berezia" izan zela, eta Donostiako kiroldegiaren erdia baino gehiago azpeitiarrez beteta zegoela. "Zale bat bonbo eta guzti agertu zen Donostian jokatu genuen finalera. Ahal duen guztietan izaten da gure partidetan, taldeari animoak ematen. Afizioari dagokionean, ezin gara kexatu", dio Aldalurrek. 

Udalak harrera egin zion Disdira Bitxitegia ISBri, EBA mailara igo ziren egunean bertan. Ez zen harrera egiten zieten lehen aldia Jakes Alberdi eta Jon Etxanizentzat (Azpeitia, 1990). Beñat Aldalurrentzat, bai, ordea. Erdikaletik gora txarangarekin kalejira egitea faltan bota bazuten ere, "ederra" izan zela diote, eta betirako gogoratuko duten eguna. "Agian, gure ingurukoek eta Udalak ez zuten espero partida hura irabaziko genuenik, baina gu ia ziur geunden", azaldu dute. "Ez dut sekula ahaztuko partida bukatu zen unean taldekideen aurpegietan ikusten zen ilusioa", esan du Aldalurrek. 

Maila bat gora

"EBA liga futboleko hirugarren mailaren parekidea da, maila ona, alegia", azaldu dute Disdira ISBko mutilek. "Nahiz eta ez garen lehenengo hiru taldeen artean sailkatuko, lehiatzera joango gara", diote. Hala ere, mailaz igotzea "esfortzu handia" dela badakite, baita "konpromiso handiagoa" eskatzen duela ere. Joan den denboraldian, astean hiru entrenamendu izaten zituzten, baina EBA ligan jokatuz gero gutxienez lau egin beharko dituztela diote. Horrez gain, bidaia luzeagoak egin beharko dituzte.

Orain, baina, "deskantsatzeko unea" dela esan dute Disdira ISBko jokalariek: "Denboraldi ona egin dugu, helburua lortu dugu, eta orain guretzat denbora hartzeko unea iritsi da. Indarrak bildu, eta hurrengo denboraldian zer egingo dugun pentsatu behar dugu orain". 

Saskibaloiaz harago

Saskibaloiak zer eman eta zer kendu dien galdetuta, erantzuna "lagunak eta familia berri bat" izan da. "Saskibaloia atsegin dugu, baina jokatzen jarraitzeko indarra ematen diguna taldekideen artean dugun harremana da. Familia bat gara, ekipo bat baino gehiago", azaldu du Etxanizek. Alberdik, bere partetik azaldu du, saskibaloia uzteak pena ematen badu ere, "pena gehiago" ematen duela familia hori uztea. Egun, Disdira Bitxitegia osatzen duten guztiak, jokalari zein entrenatzaile, azpeitiarrak eta azkoitiarrak dira. 18 urte ditu taldeko jokalaririk gazteenak eta 25 urte zaharrenak, "nahiz eta batzuetan zaharrenak gazteena ematen duen". Familia horren barruan kokatzen dituzte taldeari babesa azaldu dioten lagunak eta baita taldearen babeslea ere. "Eskerrak eman nahi dizkiogu babesleari, gurekin izan duen konfiantzagatik, baita bi entrenatzaileei eta delegatuari ere, gurekin izandako pazientziagatik", adierazi dute ISBko mutilek. 

Urte dezente daramatzate elkarrekin jokatzen eta horrek eragina duela uste dute: "Batzuk zazpi urte inguru daramatzagu talde berean, momentu asko dira, partida asko. Oso ondo ezagutzen dugu elkar, eta hori kantxan nabari da", azaldu du Jon Etxanizek. Hala ere, "egindako esfortzu horrek guztiak pena merezi" duela diote ISBko hiru jokalariek, "kirolaz harago, halako familia bat eramateak ez duelako preziorik. Saskibaloia baino askoz gehiago da gure taldea".