Zapatuan jokatu ziren Frontoi Txikian Gipuzkoako Berezkoen Txapelketaren bi finalak, eta txapeletako bat Azpeitian gelditu zen: infantil mailan, Ilunpeko Unai Alberdik (argazkian, sakea ateratzen) 18 eta 6 irabazi zion Añorgako Unanueri. Zapatuko lau finalisten artean, Alberdi izan zen Añorgako pilota elkartea ordezkatu ez zuen bakarra. Horrela, alebinetan Añorgako ordezkarien artean erabaki zen txapela: Amianok 16 eta 8 gainditu zuen Orbegozo.
Ilunpek egin du bere zozketa
Bestetik, Ilunpe pilota elkarteak zapatu eguerdian egin zuen bere zozketa, Sanagustin kulturgunean: 10936 da saritutako zenbakia. Horren jabea agertu ezean, ordezko zenbakia ere prest dute Ilunpekoek: 01154. Igandeko eskuzko buruz buruko finalerako lau sarrera, Loiola Hotelean lau lagunentzako otordua eta 1.000 euro zozketatu ditu aurten ere pilota elkarteak.
(Argazkia: ESTITXU ELDUAIEN)