Nuarbeko trinitateak ospatzen ari dira jai giroan

Uztarria.eus 2016ko mai. 23a, 14:28

Zapatuan, hilak 21, hasita, Trinitate Jaietan murgilduta dabiltza nuarbetarrak. Txupinazoarekin, puzgarriekin eta Irrien Lagunaken emanaldiarekin hasi zituzten festak Nuarben. Herri afaria ere egin zuten larunbatean, eta ondoren, triki gaua izan zen, Izer eta Alabier, Elizagoien ahizpak eta Epelde eta Lutxurdioren eskutik.

Atzo, igandea, meza izan zen aurrena, eta ondoren luntxa egin zuten, musika eskolako trikitilariekin. Arratsaldean sokamuturraren txanda izan zen eta jende ugari hurbildu zen, Nuarbeko festa batzordeak eta Zezen Beltz elkarteak antolatutako sokamuturrera. Jarraian, Izer eta Alabierrekin erromeria izan zen.

Gaur, astelehena, emango diote amaiera Nuarben festetarako prestatutako egitarauari. 17:30etik aurrera, umeentzat jolasak, tailerrak eta txokolatada izango dira. Iluntzerako, aldiz, Laja eta Narbaizarekin erromeria antolatu dute, trinitateak hurrengo urtera arte agurtzeko.