Aldarria eta festa, Hartu Trena egunean

Uztarria.eus 2016ko mai. 23a, 11:38

Aldarria eta festa eskutik emanda izan ziren joan den zapatuan, maiatzak 21, Azpeitiko Sarek antolatutako Hartu Trena egunean. Euskal preso, iheslari eta deportatuen eskubideen defentsan, goizetik hasi eta gauera arteko egitaraua zuten prestatuta larunbaterako.

Herri krosarekin eman zioten hasiera egunari. Ruben Aranburu eta Maite Etxezarreta izan ziren lehenak helmugara iristen, eta guztira 180 pertsonek hartu zuten parte lasterketan. Ondoren, herri kirolen txanda izan zen. Eguzkiak plazan gogor jo bazuen ere, Martin Mendizabal eta Elias Perez harri-jasotzaileek euren marka pertsonala egitea lortu zuten. 14:30ean bazkaltzeko tartea hartu eta herri bazkaria egin zuten azoka plazan. Bazkalostean mus txapelketa azkarra izan zen eta Maialen Aldalurrek eta Ostaizka Belaustegik jantzi zuten txapela. Bigarren sailkatu ziren, aldiz, Jon Iriarte eta Jokin Garate. Umeek ere izan zuten zer egin eta zertaz gozatu, beraientzat prestatutako umeen gunean. Dispertsioarekin amaitzeko eskatuz, manifestazioa egin zuten arratsaldean, eta dozenaka herritar irten zen kalera Hartu Trena. Stop Dispertsioa lelopean. Kontzertuekin eman zioten amaiera egunari, Ezten eta Gozategi taldeen musikarekin.