Azpeitiak 3-0 gainditu du Bergara Herriartekoaren final zortzirenetako joanekoan

Uztarria.eus 2016ko mai. 21a, 12:27

Kadete mailan 22-5, jubeniletan 22-12 eta senior mailan 22-7 izan ziren partiden emaitzak. Itzulerakoak datorren ostiralean, maiatzak 27, jokatuko ditiuzte Bergarako pilotalekuan.

Indartsu ekin diote Ilunpe elkarteko pilotariek 2016ko Gipuzkoako Herriarteko Txapelketari. Iaz lortutako txapela defendatzea tokatzen zaie aurten azpeitiarrei eta, bide horretan, Bergara dute gainditu beharreko lehen koska, final zortzirenetan. Atzo gauean, jendez lepo betetako Frontoi Txikian, nagusitasun osoz hartu zuten aurrea kanporaketan Ilunpekoek.

3 eta 0 irabazi zuten eta, gainera, hiru mailetan tanteoan ere alde nabarmenarekin irabazi zuten. Kadete mailan, Julen Egigurenek eta Mikel Unanuek 22-5 irabazi zuten; jubeniletan, Gorka Iriartek eta Jon Alberdik 22-12; eta seniorretan, berriz, 22-7 izan zen Markel Etxaniz-Daniel Murgiondo bikotearen aldeko emaqitza.

Emaitza horiekin, abantaila polita hartuta joango dira Azpeitikoak Bergarara datorren asteburuan, itzulerako neurketak jokatzera. Ostiralean, maiatzak 27, dute hitzordua; ordua guztiz zehazteko duten arren, seguruenez 19:00etan hasiko da jaialdia.