Zabalik da Udal udaleku irekietan izena emateko epea

Uztarria.eus 2016ko mai. 20a, 19:18

Maiatzaren 27, ostirala, baino lehen eman behar da izena Gazte Informazio Bulegoan (GIB). Izen emate orriarekin batera entregatu behar dira ordainagiria eta osasun txartelaren kopia.

Azken urteen gisan, ekainerako eta uztailerako udaleku irekiak antolatuko ditu Udal Gazteria Sailak, eta dagoeneko zabalik da izen-emate epea. Izen emate orriak Gazte Informazio bulegoan entregatu beharko dira, osasun txartelaren kopiarekin eta ordainagiriarekin batera, maiatzaren 27 baino lehen. 

Udalekuen txandak adinaren arabera banatuko dituzte. Udan Txiki, Udan Koxkor, Udan Jolas, Udan Mugi, Udan Alai eta Udabentura izango dira  hartu ahal izango dute parte, hain zuzen.

Udan Txiki, Udal Koxkor, Udan Jolas eta Udan Mugi taldeetako haur eta gaztetxekoek ekainaren 22tik uztailaren 22a bitartean izango dituzte udalekuak. Lehen hiruetan, hamabost eguneko bi txanda izango dira. Udan Mugi txandaren kasuan, aldiz, berrikuntza bezala, astebeteko lau txanda izango dira. Udan Alai eta Udabenturako taldeen txanda, berriz, ekainaren 27tik uztailaren 22ra bitartean izango da. Udan Alaiko taldeak, lau txanda izango ditu, ohi bezala. Udabenturaren kasuan, gaztetxoek prestatu diren ekintzetatik nahi duten egunetan izena emateko aukera izango dute.

Udan txiki: Haur Hezkuntzako 3.mailako umeek hartuko dute parte bertan, 4 urte dituztenek. Aktibitateak goizez bakarrik egingo dira, 10:00etatik 13:00tara bitartean. Txanda bakarrak 45 euroko kostua izango du, eta bi txandak egiteak 85 eurokoa. 

Udan koxkor: Haur Hezkuntzako 4. eta 5. mailako umeei zuzendutako programa da. Hemen ere ordutegia 10:00etatik 13:00tara bitartekoa da, egun osoko ekintzetan izan ezik; Horietan 10:00etatik 17:30era bitartekoa izango da. Txanda bakarrak 50 euroko kostua izango du, bigarrenak 55 eurokoa eta hiru txandak egiteak 95 eurokoa.

Udal jolas: LH1 eta LH2ko umeentzat da programa. Hemen ere ordutegia 10:00etatik 13:00etara bitartekoa da, eta egun guztiko ekintzetan 10:00etatik 17:00etarakoa. Txanda bakarrak 50 euroko kostua izango du, bigarrenak 55 eurokoa eta hiru txandak egiteak 95 eurokoa. 

Udan mugi: 9-10 urteko umeei, hau da LH3 eta LH4koei zuzendutako programa da. Hemen ere ordutegia 10:00etatik 13:00etara bitartekoa da, eta egun guztiko ekintzetan 10:00etatik 17:30etarakoa. Aurreneko txanda 30 euro kostatuko da, bi, hiru eta laugarren txandak 25 euro eta hilabete osoko txanda hartzeak 95 euroko prezioa izango du. 

Udan alai: LH5 eta LH6ko umeentzat da programa. Hemen ere ordutegia 10:00etatik 13:00etara bitartekoa da, eta egun guztiko ekintzetan 10:00etatik 17:30era bitartekoa. Txanda bakoitza 35 euro ordaindu behar da, eta hilabete osoa 130 euro.

Udabentura ekintzak: DBH 1, 2, 3, 4, Batxiller 1 eta 2ko ikasleek har dezakete parte bertan, hau da, 13-18 urte bitarteko nerabeek. Programa honetan ez dago txandarik. Hainbat ekintza ezbedin egongo dira, eta parte hartzaileak erabaki dezake zein ekintzetan eman izena, eta non ez. Prezioa aukeratutako ekintzen araberakoa izango da. 

Elkarlana herriko taldeekin

Aurtengo udalekuak herriko hainbat talde eta eragilerekin elkarlanean prestatu dituzte, horiek ere protagonista izateko asmotan. "Aurtengo udalekuetan herriko talde, eragile eta norbanakoen parte hartzea sustatu nahi izan dugu, eta izugarri poztu gaitu izan dugun erantzunak. Alde horretatik, gainera, eskerrak eman beharrean gaude, taldeek izan duten prestutasuna benetan eskertzekoa eta txalotzekoa izan baita", azaldu du Ainara Larrañaga zinegotziak. Horrez gain, "ondo pasatzeaz harago, haur eta gaztetxoek herriko taldeak eta horien baloreak ezagutzea, bultzatzea eta udalekuen ohiko jardunean berrikuntzak egitea izan da aurtengo helburua”, azaldu du Larragañak.

Horretarako, kirola, kultura, aisia eta entretenimendua uztartuta egitarau zabala prestatu dute herriko hainbat eragilerekin. Hori horrela, esaterako, Adi-Adi Arte eta diseinu taldearekin elkarlanean, herriko hainbat horma margotuko dituzte, Kultur Mahaiko kideekin altxorraren bila arituko dira, gariaren matxinadaren 250. urteurrena aitzaki hartuta, Antxieta arkeologi taldearekin Xoxotera irteerak egingo dituzte eta Ekain Ibargurenek gidatuta malabareen ikastaroa egingo dute. Horrez gain, kirola egiten lagunduko diete haur eta gaztetxoei Xeye atletismo taldeak, Capoeirako taldeak, Sustrai tenis taldeak, eskalada lokaleko kidek eta Lagun Onak Txirrindulari eta Mendi Elkarteeko kideek.