Marka pertsonala egiten ahaleginduko dira Mendizabal eta Perez harri-jasotzaileak, Hartu Trena egunean

Uztarria.eus 2016ko mai. 20a, 17:32

Hartu trena eguna ospatuko da bihar, zapatua, euskal preso, iheslari eta deportatuen eskubideen alde. Egun osorako egitarau prestatu dute horretarako, herri kirolak tartean. Martin Mendizabal eta Elias Perezek, zita aprobetxatuko dute marka pertsonal baten ahalegina egiteko. 

Euskal preso, iheslari eta deportatuen eskubideen defentsan, Hartu trena eguna osapatuko da bihar, maiatzak 21. Horretarako, egun osorako egitaraua antolatu du Azpeitiko Sarek, eta prestatu dituzten ekintzen artean herri kirolak izango dira.

Festa, kirola eta aldarria uztartuta, 12:30ean hasiko dira kirol probekin, plazan. Guztira, lau talde arituko dira lehian, eta aurrena harri-jasotzaileen txanda izango da. Biharko zita marka pertsonala egiteko aprobetxatuko du Martin Mendizabalek. "Nire asmoa da 180 kiloko harri errektangular bat altxatzea. Sekula ez dut halakorik egin jende aurrean. Markarekin eta lortutakoarekin gustura gelditzea espero dut, gogorik eta ilusiorik ez zait falta, behintzat", azaldu du Mendizabalek. 170 kiloko harria izan da orain arte altxatu duen handiena, baina erronka berriari aurre egiteko gogorik ez zaio falta. Hala ere, "nerbioso" dagoela esan du.

Mendizabal ez ezik, Elias Perez ere saiatuko da ahalegin pertsonala egiten, 113 kiloko harri kubikoa igota, "harri zaila", Mendizabalen hitzetan. 11 urte daramatza Perezek Euskal Herrian, Honduraskoa baita. "Eliasek, gu bezalatsu, harri jasotzearen zalea da, eta hor ibiltzen da saltsan", azaldu du Mendizabalek.

Txingak, lokotxak eta zaku karrerak egingo dituzte ondoren. Aizkoran arituko dira Mikel Larrañaga, Eneko Otaño, Julen Alberdi Txikia IV.na eta Jon Irazu aizkolariak arituko dira. Behin probak amaituta, ez ohiko beste proba baten txanda izango da: gurdi lasterketarena. Parte hartzaileek hiru buelta eman beharko dituzte gurdian, eta lehen postuan eta bigarren postuan iristen diren taldeek saria izango dute. Lehen postuan sailkatzen den taldeak Mendizabal jatetxean bazkaria eskuratuko du. Bigarren sailkatzen den taldeak, aldiz, otarrea. Edonork eman dezake izena, honako zenbakira deituta: 618- 22 52 77. 

Beste ahalegin bat, aurrerago

Bihar harri-jasotzen arituko bada ere, marka pertsonala egiteko ahalegina aurrerago egingo du Xabier Gustak, Urrestillan. Biharko egunerako prestatu ez bada ere, eta erronka pertsonalerako data zehaztuta ez badu ere, hurrengo marka egiteko "gogotsu" dago Gusta. Bitartean, biharko egunaz gozatuko dutela esan dute parte hartuko duten guztiek, elkartasuna eta kirola uztartuta.