Erremonte txapelketarako eta Urrezko Aizkoraren finalerako sarrerak zozkatuko ditu Udalak

Uztarria.eus 2016ko mai. 19a, 20:02

Hilaren 27an jokatuko da txapelketaren lehen jardunaldia, eta 28an izango da aizkolarien finala. Ekitaldi bakoitzerako bost sarrera bikoitz banatuko dituzte. Zozketetan parte hartzeko epea gaur hasi eta asteazkena arte (hura barne) luzatuko da.

Datorren astean, hilaren 27an, hasiko da aurtengo Azpeitiko Erremonte Txapelketa; eta 28an, berriz, Urrezko Aizkoraren finala jokatuko da. Biak Izarraitz pilotalekuan izango dira, eta bi kirol ekitaldi horietarako -txapelketaren lehen jardunaldirako eta aizkolarien finalerako- bost sarrera bikoitz zozkatuko ditu Azpeitiko Udalak. Zozketetan parte hartu nahi dutenek, gaurtik datorren asteazkenera bitartean (asteazkena barne) eman beharko dute izena, udaletxera deituta (943157200 da telefono zenbakia) edota udalzozketak@azpeitia.eus helbidera idatzita.

Bide batetik zein bestetik parte hartuta ere, izen-abizenak eta harremanaterako telefono zenbaki bat emateaz gain, zein zozketatan parte hartu nahi duten edota bietan parte hartu nahi duten zehaztu beharko dute parte-hartzaileek; e-postaz idazten dutenen kasuan, zehaztapen hori mezuaren gaian idaztea eskatu dute udal arduradunek.

Erremonte txapelketaren lehen jardunaldian, bi partida hauek ikusteko aukera izango da Izarraitzen: Matxin III.a eta Labaka, Otaegi eta Ionen kontra; eta Segurola eta Aizpuru III.a, Ansa II.a eta Larrañagaren kontra. Urrezko Aizkoraren finalean, berriz, Arria V.a, Otaño, Rekondo eta Atutxa izango dira lehian.