Azpeitiarrek ere hartuko dute parte Literaturia euskal letren topaketan

Uztarria.eus 2016ko mai. 19a, 15:00

Jon Gurrutxagak eta Kaluse taldeak hartuko dute parte Literaturian, Isabel Iturberen bizitza eta heriotza ikuskizunarekin. Plazer hutsa lelopean egingo dute topaketa Zarautzen, gaurtik hasi eta igandera bitartean.

Gaur, osteguna, hasiko da Literaturia euskal letren topaketa Zarautzen, plazer hutsa leloarekin. Hainbat euskal sortzailek euren lanak aurkeztu eta estreinatuko dituzte bertan, gaurtik maiatzaren 22ra bitartean. Horien artean izango dira ITU bandako kide Jon Gurrutxaga eta Kaluse talde azpeitiarra. Isabel Iturberen bizitza eta heriotza ikuskizuna plazaratuko du lehen aldiz Itu bandak, Kaluse taldearen doinuak lagun.

Isabel Iturbe Pasai Antxoko euskal irakaslearen irudia ardatz, haren bizitzaren eta heriotzaren kontakizuna egingo dute, errealitatea, fikzioa, poesia eta musika uztartuta. Unai Martinez eta Ibon Gerra azpeitiarrek osatzen duten Kaluse taldeak ere parte hartuko du emanaldian, doinuak jarrita. 

"Emanaldian errezitatuko ditugun olerkiak Isabel Iturberen ingurukoek idatzitakoak izango dira, eta horien azalean, larruan, sartuko gara gu. Izan ere, hori da aurtengo Literaturiaren gaia. Isabel benetan existitu zen pertsona izan bazen ere, badira ari buruz ez dakizkigun hainbat gauza. Hori horrela, fikzioaren eta errealitatearen arteko oreka mantentzen saiatuko gara", azaldu du Jon Gurrutxagak. 

Zapatuan, hilak 21, estreinatuko dute Isabel Iturberen bizitza eta heriotza ikuskizuna, Zarauzko Modelo aretoan, 12:30ean hasita.