Sahararen aldeko manifestazioa egingo dute bihar

Uztarria.eus 2016ko mai. 19a, 13:30

"Saharar herriaren injustizia egoera gogoratzeko eta salatzeko" antolatu du mobilizazioa Khamar Sahararen Aldeko Taldeak. 18:00etan abiatuko da manifestazioa anbulatorio aurretik. 

Frente Polisarioaren sorreraren 43. urteurrena izango da bihar, maiatzak 20. Horren harira, "Saharar herriaren injustizia egoera gogoratzeko eta salatzeko" mobilizazioa antolatu du Khamar Sahararen Aldeko Taldeak.

"Batzuetan ahaztu egiten zaigun arren, lurralde okupatuetan bizi diren sahararrek jasaten duten errepresio bortitza salatu nahi dugu, besteak beste, lanpostuak bilatzeko zailtasuna, eskoletako diskriminazioa, giza eskubideen aldeko borrokan ari den jendearen atxiloketak eta desagertzeak", azaldu dute Khamarreko kideek. "Ez dugu ahaztu behar lehenik eta behin Espainiaren kolonializaziopean izan zela Sahara, ondoren Mauritania eta Marokorenpean, eta gaur egun Marokok okupatuta duela", azpimarratu dute. 

Hori salatzeko, mobilizazioa egingo dute bihar, ostirala, 18:00etan anbulatoriotik abiatuta.