'Plazatarrak' egitasmoaren bigarren saioa izango da bihar

Uztarria.eus 2016ko mai. 19a, 12:05
Plazatarrak egitasmoko lehen saioan jolas kooperatiboak landu zituzten.

Sanjuandegiko Jose Antonio Agirre plazan egingo dituzte jolasak, 17:30etik 19:30era bitartean. "Munduko jolasak" izango da landuko duten gaia. 

Bihar, maiatzak 20, Plazatarrak egitasmoaren bigarren saioa egingo dute, Sanjuandegiko Jose Antonio Agirre plazan. 17:30ean hasi eta 19:30ak bitartean hainbat ekintza egingo dituzte "munduko jolasak" gaiaren bueltan. Horrela, munduko txoko ezberdinetako musika nahiz jolasak ezagutu eta mural margoketa egingo dituzte, besteak beste, HH5etik LH6ra bitarteko haurrek eta horien gurasoek.

Herriko plaza eta kaleak haurren berezko jolastoki moduan berreskuratzeko helburuarekin, joan den apirilean jarri zuten martxan Plazatarrak egitasmoa Udaleko Gazteria Sailaren ekimenez, Iturritxiki eta Txiki Txoko ludotekek eta Urrestillako haur zerbitzuak. Orduan, jolas kooperatiboak egin zituzten Izarraitz pilotalekuan, eguraldiak ez baitzuen lagundu. Hala ere, 60 haurrek hartu zuten parte ekimenean. Antolatzaileek haurrak zein gurasoak animatu nahi dituzte biharko saioan parte hartzera.