Ganadu feriatik ihes eginda ibili dira bi behi

Uztarria.eus 2016ko mai. 18a, 18:15

Gaur hileko hirugarren asteazkena da eta, horrenbestez, ganadu feriarako eguna Azpeitian. Hilean behingo zita gainbehera datorrela esatea ez da, ez, gehiegikeria. Ganadu feria izan arren, gutxitan ikusten da baserrirako animaliarik herriko plazan. Gaur, ordea, izan da ganadua ferian eta, hara non, tartean, bazkalondoan susto bat baino gehiagoren protagonista izan diren bi behi ere bai. Ihes eginda ibili dira biak eta, bat nahikoa azkar menderatu badute ere, bigarrena plazara bueltatzea kostatu egin zaie nonbait. Erabiltzaile batek Uztarriara bidali dituen bi bideo hauetan ikus daiteke behietako batek plazan eragindako zalaparta.