'Azpeitian sinisten dugu', herriko merkataritzan salmentak sustatzeko kanpaina aurkeztu dute

Uztarria.eus 2016ko mai. 18a, 12:34
Ezkerretik hasita, Jose Uzin eta Idoia Palenzuela (Sabadell Guipuzcoano), Agustin Lizarralde (Udala), Xabier Aldalur (Bertan) eta Joaquin Aranbarri (Sabadell Guipuzcoano). (AZPEITIKO UDALA)

Udalak, Bertan Merkatari Elkarteak eta Sabadell Guipuzcoano banketxeak bultzatuta, ekainean jarriko dute abian. Egitasmoarekin bat egiten duten saltokietan kutxatila jarriko dute eta, erosketa bakoitzeko, 1.000 euroko zozketa batean parte hartu ahal izango dute erosleek.

Azpeitiko Udalak, Bertan Merkatari Elkarteak eta Sabadell Guipuzcoano banketxeak Azpeitian sinisten dugu merkataritza bultzatzeko kanpaina berria jarriko dute abian ekainean.

Kanpaina bultzatzeko elkartu diren hiru erakundeek "tokiko merkataritzaren sustatzaile eta bultzatzaile izatea dute helburu", eta merkataritza "funtsezko sektorea" dela irizten diote. Horrela, herriko saltokietan salmentak sustatzeko kanpaina da diseinatu dutena.

Azpeitian sinisten dugu egitasmoarekin bat egiten duten saltokietan kutxatilak jarriko dituzte eta, erosketa bakoitzeko (ez dago gutxieneko preziorik), 1.000 euroko zozketa batean parte hartu ahal izango dute erosleek. Sari hori kanpainari atxikitako edozein establezimendutan trukatu ahal izango da. Horrez gain, beste 1.000 euro zozkatuko dituzte parte hartzen duten saltokien artean.

Kutxatilak ekainaren 1etik 30ra arte egongo dira saltokietan eta, bitarte horretan, poltsa ekologikoak ere banatuko dituzte, Callate la Boca etxeak diseinatutako Azpeitian sinisten dugu kanpainaren irudiarekin.