Euskarazko Interneten eguna ospatu da lehen aldiz

PuntuEUS Fundazioa 2016ko mai. 18a, 11:32

Atzo, maiatzaren 17an, Interneten Nazioarteko Egunean, jai-giroan ospatu zen I. Euskarazko Interneten Eguna Iruñeko Katakraken. PuntuEUS Fundazioak, Topaguneak eta Euskalerria Irratiak antolatuta, euskararen, kulturaren eta Interneten alorreko ordezkari ugari elkartu ziren Ana Ollok, Nafarroako Gobernuko bozeramaileak, ireki zuen ekitaldian.

Euskarazko Interneten Egunaren lehen edizioaren helburua arloaren errepasoa egin, berrikuntzak aurkeztu, etorkizunaren soslaia egin eta euskarazko Interneten alde topa egitea izan da. Horrela, egun honi jarraipena ematea eta urtero ospatzea da asmoa.

Interneten 25 urte hauetan euskarak egin duen ibilbideari errepasoa eginez abiatu zen atzoko ospakizuna eta Gailurra beti dago gorago ikus-entzunezko animazioa aurkeztu zen (bideoan ikusten dena). Marrazki bidezko bideo labur honek euskarak Interneten historian egin dituen urrats nagusiak eta izan diren mugarriak jasotzen ditu. Bideoaren edukiak Interneten arloan aritzen diren pertsonen ekarpenez osatu dira eta agerian uzten dute gauza on eta asko egin direla euskaraz Interneten, oso komunitate aktiboa dela euskararena; baina indarrak dituenarentzat gailurra beti dagoela gorago eta oraindik asko dagoela egiteko.

Gailurra beti dago gorago, eta gailurrak ere asko eta askotarikoak direnez gero, bertaratutako guztien artean gailur horiek identifikatzeko eta euskara Interneten indartzeko proposamenak aztertu zituzten, parte-hartze dinamika baten bitartez. Horrela, ideia-multzo polita jaso da eta PuntuEUS Fundazioak konpromisoa adierazi du horietako hainbat gauzatzeko lan egingo duela.

Sarean.eus

Ekitaldiaren azken zatian, Sarean.eus ekimen berria aurkeztu zuen PuntuEUS Fundazioak. Sarean.eus, Internet eta Teknologia, IKTei buruzko agerkari digital berria da. Hedabide honen misioa, informatzea, entretenitzea eta kultura teknologikoa euskaraz zabaltzea da.

Horretarako, kolaboratzaile aditu ezagun eta esanguratsuen sarea eratu da: Alex Gibelalde, Dabid Martinez, Edurne Larraza, Eneko Agirre, Iñaki Alegria, Iñaki Lakarra, Iratxe Esnaola, Iruri Knorr, Josu Waliño, Josune Gereka, Joxe Rojas, Lorea Arakistain, Manex Garaio, Rafa Bañales, Unai Bilbao, Xabier Arrieta, Xabier Martin, Xabier Unanue eta Ana Vitorica. Horien eskutik, Interneti eta teknologiari buruzko askotariko gaiak landuko ditu agerkari digital berriak, astero alor honen inguruko artikuluak argitaratuz adituen eskutik.

Laboral Kutxa da agerkari honen babesle nagusia.

Ekitaldiari amaiera Oskar Estangak eman zion, bertso eta hip-hop emanaldiarekin.