Josu Albero: "Interneten ez dagoen hizkuntzak ez dauka etorkizunik"

Urola Kostako Hitza 2016ko mai. 17a, 17:50
Josu Albero, Loiolan. (ENERITZ ALBIZU LIZASO)

Duela gutxi sortu dute Euskal Wikilarien Elkartea, eta bertako kide da Josu Albero. Euskarazko artikuluak sortzea eta haien kontsultak bultzatzea du xede elkarte horrek.

Euskarazko entziklopediarik handiena da Wikipedia, ia 250.000 artikulu biltzen ditu sarean. Josu Albero (Bartzelona, 1957) Euskal Wikilarien Elkarteko kidea da, eta ehundaka testu argitaratu ditu azken hamar urteetan. Azpeitian bizi da, gaur egun, Albero.

Zer arlotako artikuluak idazten dituzu?

2006an hasi nintzen, eta segituan ikusi nuen hutsune handia zegoela biologiaren esparruan. Nire ezagupena arlo horretakoa denez, argi ikusi nuen gai hori landu behar nuela. Beraz, nire artikuluen %90 biologiaren ingurukoak dira. Mikrobiologia da gehien gustatzen zaidana; bakterioen mundua, genetika, biokimika eta abar.

Gai batzuk besteek baino presentzia gehiago dute euskarazko Wikipedian?

Bai. Euskal Herriarekin eta bere kulturarekin lotutako gaiak dira nabarmenenak: bertsolaritzak, euskal historiak, literaturak edo udalerrien orrialdeek dute pisu gehien. Medikuntzan, esate baterako, gauza asko falta dira, baita kimikan eta fisikan ere. Gehien bat zientzia arloan daude hutsuneak.

Nola sortu zitzaizun Wikipedian idazten hasteko harra?

Kasualitatez aurkitu nuen Interneten Wikipediako orrialde bat euskaraz, eta saltseatzen hasi nintzen. Ikusi nuen gauza gutxi zegoela idatzita nire arlo akademikoan, eta apurka-apurka hasi nintzen. Gaur egun, 700 artikulu inguru ditut idatzita atarian.

Elkarte bat sortu duzue.

Bai, Euskal Wikilarien Kultur Elkartea. Wikipediako lana oso lan bakartia da, etxetik egin beharrekoa, eta editoreek ez genuen elkar ezagutzen. Hori dela eta, dozena bat wikilarik bileratxo bat egin genuen, eta elkartea sortzea bururatu zitzaigun. Hiru helburu ditugu: gure arteko harremana indartu, Wikipedia sustatu eta erakunde publikoekin harremanak landu.

Jarraitu elkarrizketa irakurtzen Urola Kostako Hitza-ren webgunean.