Real Avilesen kontra jokatuko du Lagun Onakek Bigarren B mailara igotzeko lehen kanporaketa

Uztarria.eus 2016ko mai. 17a, 13:21
Lagun Onak-Vitoria partidan ziurtatu zuten azpeitiarrek play-offetarako txartela. (JULENE FRANTZESENA)

Joaneko partida Garmendipen izango da igandean, maiatzak 22, 18:00etan, itzulerakoa, berriz, maiatzaren 28an, Asturiasen. Azpeitiko kluba gaur, asteartea, hasiko da iganderako sarrerak saltzen, Garmendipeko leihatilan.

Real Aviles talde asturiarra izango da Lagun Onaken lehen aurkaria, Espainiako Bigarren B mailarako igoera faseko kanporaketetan. Atzo, astelehena, egin zuten zozketa Espainiako Futbol Federazioan. Joan-etorriko partiden hurrenkera ere zozketa berean erabaki zuten. Horrela, joaneko neurketa Garmendipen jokatuko dute eta igandean izango da, maiatzak 22, 18:00etan. Itzulerakoa, berriz, maiatzaren 28an izango da, Aviles hiriko Roman Suarez Puerta estadioan.

Sarrerak salgai Garmendipen

Lagun Onak gaur, asteartea, hasiko da iganderako sarrerak aurrez saltzen, Garmendipeko leihatiletan. Asteartetik ostiralera, 18:30etik 20:00etara erosi ahal izango dira, zapatuan 11:00etatik 13:00etara eta igandean bertan, berriz, partida hasi baino bi ordu lehenago irekiko dituzte leihatilak.

Sarreren salneurriari dagokionez, orokorrak 12 eurotan eta tribunakoak 15 eurotan salduko dituzte; 8 eta 18 urte artekoentzako sarrera orokorrak, berriz, 5 eurotan.

Aviles, historiadun taldea

Lagun Onaken aurkaria 1903an sortutakoa da. Asturiasko klub zaharrena da eta bere ibilbide luzean hainbat gora-behera ezagutu du. Gaur egun Hirugarren Mailan badago ere, Bigarren Mailan behin baino gehiagotan aritutakoa (azkena, 1991-1992 denboraldian) eta Bigarren B maila ondo ezagutzen duen taldea da Real Aviles: hemezortzi denboralditan jokatu du Espainiako futbolaren hirugarren koskan dagoen txapelketa, azkena joan den denboraldian bertan.

'Bere tokia' berreskuratu nahiko duen talde baten kontra lehiatuko dira, beraz, azpeitiarrak.