Sanisidroak ospatu dituzte asteburuan Aratzerrekan

Uztarria.eus 2016ko mai. 16a, 12:50

Ostiralean, hilak 13, hasi eta atzora arte ez da festa girorik falta izan Aratzerrekan. Sanisidroak ospatu dituzte auzoan eta horretarako egitarau oparoa zuten prestatuta, aitzurra protagonista izanik. Ostiralean eman zieten hasiera festei, aitzurraren igoerarekin. Ondoren, afaria egin zuten, eta bertsolariekin eta txiste kontakizunekin amaitu zuten eguna.

Zapaturako, Atxur Festie zuten prestatuta eta horren bueltan egin zuten Atxurrien altxor bile ekimena, aurtengo berrikuntza. Horrela, gaztetxoak aitzurrak astintzen ibili ziren, soroan gordetako sariak eskuratzeko. Aurretik, zezenekin jolasak egin zituzten, baina ez zuten zezenik toreatu, azken momentuko ezuste bat tarteko. Izan ere, toreatzaileak ez ziren agertu. Afaria egin zuten ondoren eta urteroko ohitura jarraituz, 3 arrautza egosi nork azkarrago jan lehiaketa izan zen. 

Atzo, San Isidro eguna, eman zioten amaiera festei. Eguardian meza izan zen eta ondoren pilota partida, Ilunpe elkarteko pilotariekin. Bazkarirako tartea hartu zuten ondoren eta 20:30ean Aitzurraren jaitsierarekin agurtu zituzten aurtengo sanisidroak.