Disdira ISBri harrera egin dio Udalak

Uztarria.eus 2016ko mai. 15a, 22:53

EBA mailara igo da gaur, igandea, Disdira bitxitegia ISB, eta hori ospatzeko harrera egin dio Udalak. 20:30ean igo dira udaletxera ISBko mutilak, eta han hartu dituzte Eneko Etxeberria alkateak eta Agustin Lizarralde eta Aitor Bereziartua zinegotziek. Plazan, aldiz, herritarrak eta Disdira ISBko mutilen gertukoak izan dira, taldearekin batera igoera ospatzen. Protagonistak udaletxeko balkoira irten dira eta esker hitzak eskaini dizkiete denboraldi osoan zehar babesa erakutsi dietenei. Kanturako eta bertsoetarako tartea ere hartu dute, maila igoera jai giroan ospatzeko.