Udalak 4.000 euroko laguntza eman dio Seaskari, lanbide heziketako proiektua sustatzeko

Uztarria.eus 2016ko mai. 13a, 20:07

Azpeitiko Udalak 4.000 euroko laguntza eman dio Seaskari, Herri Urratsen bidez, Ipar Euskal Herriko ikastolen sareak abian jarri nahi duen lanbide heziketako eskaintza sustatzeko helburuarekin. Joan den igandean ospatu zen aurtengo Herri Urrats, eta han bildutako dirua Baionako Bernat Etxepare Lizeoa laguntzeko izango da. Eraikin berri bat egiteko proiektua dute abian; 2017rako ikastetxe berrian izatea lortu nahi dute eta, han, Seaskako lehen sare profesionala edota lanbide heziketa zikloak eskainiko dituzte.

Herri Urratsen bertan elkartu ziren igandean AItor Bereziartua, Ainhoa Bersitain eta Josu Labaka udal ordezkariak Hur Gorostiaga Seaskako zuzendariarekin (argazkian), laguntza emateko. (AZPEITIKO UDALA)