Gizarte larrialdietarako diru-laguntzetara 106.000 euro inguru bideratuko ditu Udalak

Uztarria.eus 2016ko mai. 13a, 17:55
Leire Etxaniz eta Ainhoa Beristain zinegotziek azaldu dituzte gizarte larrialdietarako udal diru-laguntzaren xehetasunak.

Eusko Jauralitzak Gizarte Larrialdietarako Laguntzetara bideratutako diru-poltsa bukatuko dela aurreikusita hartu dute erabakia. "Azpeitiar guztien oinarrizko bizi baldintzak bermatzea" da Udalaren helburua. 

Eusko Jaurlaritzak ematen ditu momentuko larrialdiei eta premiei erantzuteko diru-laguntzak, baina horiek "nahikoa ez direla ikusita" beste diru partida bat, 106.000 euro ingurukoa, bideratuko du Udalak Gizarte Larrialdietarako Laguntzetara. Udal ordezkariek azaldu dutenez, krisi ekonomikoaren ondorioz geroz eta herritar gehiagok eskatzen dituzte diru-laguntzak, eta horiek asetzeko "beharra" dagoela uste dute.

"Eusko Jaurlaritzak gizarte larrialdietarako ematen duen laguntza ekonomikoak ez ditu asetzen herritar guztien eskaerak. Horregatik jarri ditugu gure diru-laguntza propioak, azpeitiar guztien oinarrizko bizi baldintzak bermatzeko", azaldu du Ainhoa Beristain Gizarte Zerbitzuetako zinegotziak.

Iaz, 275.000 euro bideratu ziren diru-laguntzetara Gizarte Zerbitzuetatik. Horietatik 146.680 euro Udalak jarritako diru-laguntzak zirela gogoratu du Leire Etxaniz zinegotziak, eta guztira 211 familiari lagundu zitzaiela. Emandako diru-laguntzen %39 alokairua ordaintzeko zailtasunak zituztenei eman zitzaien, %21 kredituren bat ordaindu behar zutenen artean banatu zuten, %28 mantentze lanetarako beharrei aurre egiteko, eta %7 herritarren lehen mailako beharrak asetzera bideratu zuten. 

Laguntza bereziak pentsiodunei

Iazko eskaerak ikusita eta aztertu ondoren, Udalak ikusi du geroz eta pentsiodun gehiagok eskatzen dituztela diru-laguntzak: "Pentsiodunei asko eragin die krisi ekonomikoak eta hori nabaritu egiten da laguntza ekonomikoak eskatu dituzten pentsiodunen kopuruan. Kolektibo handia direnez, horiei lagundu behar diegula uste dugu. Horregatik, pentsiodunentzat diru-laguntzak hobetu ditugu aurten", adierazi du Ainhoa Beristainek.

Udalak zailtasunak dituzten herritarrak diru-laguntzak eskatzera animatu nahi ditu, "inor behar larrian egon ez dadin".