Kirola, emakumeen azaletik

Gipuzkoako Hitza 2016ko mai. 13a, 15:24
Mariate Bizkarra (Julene Frantzesena).

Gizartean gizonen eta emakumeen arteko desberdintasunak "geroz eta txikiagoak" badira ere, kirolean "oso handiak" dira oraindik. Hala dio Mariate Bizkarra EHUko irakasleak (Gasteiz, 1964): "Prentsan gutxiago agertzen dira emakumeak, denbora gutxiago eskaintzen zaie, eta erraztasun txikiagoa eta soldata apalagoak dituzte goi mailako kirolariek. Emakumeek hori onartua dute". Emakume kirolaria eta ikusezintasun mediatikoa hitzaldia eskaini zuen asteartean, Azpeitiko Emakumeen Txokoan. 

Dozena inguru lagun bertaratu ziren, gizonak gehiago emakumeak baino; izan ere, herriko kirol taldeetako hainbat ordezkari han izan zen, gaiarekin sentsibilizatu nahi dutelako.

Emakumea ardatz hartuta eskaini zuen solasaldia, eta, azaldu zuenez, emakume kirolarien ikusezintasun mediatikoa "ez da momentu konkretu batean gertatzen den zerbait", eta gizartea aldatu behar da egoera hori aldatzeko. Horretarako, genero kontzientzia hartu beharra dagoela azpimarratu zuen: "Pentsatzen dugu determinismo biologikoa dagoela emakumeen eta gizonen artean, eta ez dagoela ezer aldatzerik. Horrela balitz, baina, gure amonek bezala, botoa ere ez genukeen emango". Horri lotuta, "gizonezko denak desberdinak eta emakume guztiak berdinak direla" esan ohi dela azaldu zuen: "Emakumeak denok igualak garela dirudi, eta, gizonen artean bezala, denetarik dago. Emakume ahulak eta indartsuak daude, gizon ahulak eta indartsuak dauden moduan".

Bizkarrak azaldu zuen pertsonak direla desberdinak: "Izan emakume, gizon, zuri, beltz, euskaldun edo arabiar. Ez badugu ikusten pertsona multzoa garela, banaketa dikotomikoa gainditu gabe daukagu".

Jarraitu irakurtzen, Gipuzkoako Hitzaren webgunean.