Oinatz Elustondo: "Pausoz pauso joan beharko dugu, kanporaketaz kanporaketa"

Uztarria.eus 2016ko mai. 13a, 13:22

Bihar jokatuko du Lagun Onakeko hirugarren mailako taldeak denboraldiko azken partida, Bermeon. Play Offetara begira daude, baina, dagoeneko. Taldeko jokalaria da Oinatz Elustondo (Azpeitia, 1990) eta orain arte egindako lanaz eta play offei begira dituzten helburuez aritu da Uztarria.eus-ekin. 

Play offak jokatzeko partida garrantzitsua jokatu zenuten joan den astean Garmendipen. Partida amaierako emaitza: 2-1.

Presio handia genuen gainean eta oso nerbioso geunden. Bai edo bai irabazi behar genuen, azken partidak ezin irabazita ibili ginen eta. Aspaldiko sentimenak bizi izan genituen joan den zapatuan, oso ondo aritu baitzen taldea. Lehenengo ordu laurdena bikain joan zen, eta Mikel Landaren gol izugarriak markagailua gure alde jarri zuen. Vitoriaren atetik 30 metrotara zegoen Landa, eta boleaz ikaragarrizko gola sartu zuen. 2-0 amaitu genuen lehen zatia, partida aldapa behera genuen orduan. Bigarren zatia zailagoa izan bazen ere eutsi genion partidari. Pozez zoratuta amaitu genuen. 

Nabaritu al zenuten zaleen babesa?

Denboraldian zehar ez da jende asko etorri gure partidak ikustera eta pena da hori. Joan den asteko partidan, ordea, behar genuenean, antzeman genuen zaleen babesa. Partida ikustera 1000 pertsona inguru joan zirela esan ziguten. 

Denboraldiaren zer balorazioa egiten duzue?

Bihar Bermeon jokatuko dugun partidarekin amaituko da denboraldia, eta balorazioak amaitutakoan egiten direla esaten badute ere, orain arte egindako lanaren balorazio oso ona egiten dugu. Denboraldiaren hasieran mailari eusteko helburua genuen eta ez genukeen sekula pentsatuko honaino iritsiko ginenik. Lehen buelta hirugarren sailkatuta bukatu genuen, beraz, mailari eustea ia bermatuta genuen. Orain aurrera begirako helburuak lortzera joan behar dugu. 

Play offak jokatzear, nolako giroa dago taldean?

Izugarria, benetan ona. Pare bat jokalari kenduta inor ez dago ohituta halako denboraldiak egitera. Aste honetako partida irabaziz gero, bigarren sailkatuta amaituko dugu denboraldia, eta horrek play offetan ere izango du eraginik. Kanporaketetan zein aurkari egokituko zaigun jakiteko zain gaude orain. 

Noiz jakingo duzue zeinen aurka arituko zareten play offetan?

Asteleheneanmaiatzak 16, egingo dute zozketa Madrilen. Guztiok zain egongo gara, internet bidez zuzenean eskainiko dute zozketa eta guztiok egongo gara hari begira. Andaluziara edo Kanariar irletara joatea gustatuko litzaiguke, urrutira. Izan ere halako aukera izanda pena izango litzateke Kantabriara edo joatea. Ez aurkariarengatik, baizik eta halako bidaiak ia astebururo egiten ditugulako. Ea zorte apur batekin bidaia luzea egitea dagokigun. 

Badira urte batzuk Lagun Onaken hasi zinenetik. Inoiz bizi al duzu halako esperientziarik?

Taldera iritsi nintzenetik sufritzea bakarrik egokitu zaigu. Urte horietan momentu onak baino txarrak gehiago izan dira, eta ez dugu halako denboraldirik egin sekula. Horrelakorik biziko ote nuen pentsatzen nuen nire baitan, eta aurten tokatu zaigu. Oso pozik nago. 

Bereziki prestatuko al zarete kanporaketetarako?

Orain arteko lanak emaitza onak eman dizkigu eta bide horretatik jarraitzeko asmoa dugu. Urtea luze izaten ari da, baina onena falta da. Taldekide guztiak gogoz gaude eta dena ematera irtengo gara partida bakoitzean. Orain arte bezala jarraitzen badugu emaitza onak izatea espero dut, gogo faltarik ez dugu behintzat. Pausoz pauso joan beharko dugu, kanporaketaz kanporaketa. Horretarako gure zaleen babesa ere beharrezkoa izango da eta horregatik animatu nahi ditugu Garmendipera joatera.