Museoen Nazioarteko Eguna ospatuko dute Burdinbidearen Euskal Museoan igandean

Uztarria.eus 2016ko mai. 13a, 12:33

Erakusketa berri bat zabalduko dute, Bidasoako burdinbidearen 100. urteurrenaren bueltan. Antzinako hainbat trenetan ibiltzeko aukera ere izango da eta martxan izango dira lantegi mekanikoa eta tranbia elektrikoak. 

Maiatzaren 18an, Museoen Nazioarteko Eguna izango da, eta horren harira egitarau berezia prestatu dute iganderako, hilak 15, Burdinbidearen Euskal Museoan.

Egun hori ospatzeko, erakusketa berri bat zabalduko dute, Bidasoako burdinbidearen 100. urteurrena gai hartuta. Horrez gain, aintzinako hainbat trenetan ibiltzeko aukera izango da. 11:00etan, 1953ko Allan 301 diesel trenak egingo du ibilaldia. Ondoren, 12:00etan, 1888. urteko lurrun trenaren txanda izango da, eta 13:00etan, 1913ko lurrun trenarena. Bestalde, martxan izango dira lurrunezko garabia eta tranbia elektrikoak, eta museoko lantegi mekanikoan ere erakusketak egingo dituzte.

Iganderako egitarau berezia prestatu badute ere, zapatuan, hilak 14, ohiko zerbitzua eskainiko du museoak. Hori horrela, lurrunezko trenak asteburueroko joan-etorriak egingo ditu Lasaora, 12:30ean eta 18:00etan.