Atzera bota dute presoen familiei laguntzak emateagatik Udalari jarritako helegitea

Uztarria.eus 2016ko mai. 12a, 17:50
Azpeitiko Udal Gobernuko kideak. Ezkerretik hasita, Aitor Bereziartua, Leire Goenaga, Eneko Etxeberria eta Ainara LarraƱaga. (AZPEITIKO UDALA)

Donostiako Administraziorako Auzien 2. zenbakidun epaitegiak ez du onartu 2014ko uztailaren 11ko Azpeitiko alkatearen dekretuaren kontra Estatuko Abokatuak jarritako helegitea. Beste urteetako laguntzak ere errekurrituta daudela jakinarazi du Udalak.

Beste udal asko bezala, herriko presoen senideei sakabanaketaren ondorioz egin behar izaten dituzten bidaietarako diru-laguntzak emateagatik salaketa jarri zion Azpeitiko Udalari Espainiako Gobernuaren EAEko ordezkari Carlos Urkijok 2014an. Orain, salaketa hartatik abiatuta Estatuko Abokatuak 2014ko presoen senideentzako laguntzaren kontra jarritako helegitea atzera bota dutela jakinarazi du Udalak. Zehazki, 2016. urteko apirilaren 18an emandako epaian, Donostiako Administraziorako Auzien 2. zenbakidun epaitegiak ez du onartu 2014ko uztailaren 11ko Azpeitiko alkatearen dekretuaren kontra Estatuko Abokatuak jarritako helegitea.

"Guretzat, laguntza horiek dispertsioak eragindakoak dira. Horrela, giza-eskubideen urraketatzat jotzen du Azpeitiko Udalak presoen dispertsioa; eta, neurri batean, senideei sortutako kalte ekonomikoak konpontzen lagundu nahi dugu laguntza horien bidez", adierazi du Eneko Etxeberria alkateak, epaitegietatik jaso duten albistearen berri ematerakoan.

Helegitea "prozedura arrazoietan oinarrituta irabazi" duela nabarmendu du, hala ere, Udalak; eta, 2014. urtekoez gain, beste urteetako laguntzak ere errekurrituta daudela jakinarazi du.