Gipuzkoako Fracking Ez Eguna Azpeitian egingo dute, zapatuan

Uztarria.eus 2016ko mai. 11a, 20:56
Fracking Ez Egunerako deialdia eginez, Gaztetxean.

10:30ean Gaztetxean egingo den bilera informatibo irekiarekin zabalduko dute egitaraua. Gaztetxean izango dira, halaber, bazkaria eta gaueko Liherren eta The Grace Of Dionysus-en kontzertuak. Arratsaldean, berriz, Frackolinpiadak egingo dituzte herriko plazan.

Petrolioa, gasa edota beste substantziaren bat lur azpitik erauzteko haustura hidraulikoa edo fracking bezala ezagutzen den teknika erabiltzearen aurka daudenek hitzordua dute zapatuan, maiatzak 14, Azpeitian. Gipuzkoa mailako Fracking Ez Eguna antolatu dute egun horretarako herrian, eta egitaraua osatzen duten zita gehienak Gaztetxean izango dira.

10:30ean abiatuko dute eguna, Gaztetxean egingo den bilera informatibo irekiarekin. "Azkenaldiko mugimendu legalen berri emateko eta horien aurrean zer egin dezakegun eta nola antola gaitezkeen eztabaidatzeko" antolatu dute batzar hori. "Gaian interesa duzuen guztiok gonbidatuta zaudete egun horretan Azpeitira gerturatzera eta, bereziki, goizeko asanbladan parte hartzera", diote antolatzaileek.

Bazkaria batekin, arratsaldean plazan egingo dituzten frackolinpiadekin eta kontzertuekin osatuko dute eguneko egitaraua. Hona hemen, osorik:

  • 10:30. Bilera: Fracking-aren egoera gaur. Gaztetxean.
  • 14:00. Bazkaria, Gaztetxean.
  • 17:30. Frackolinpiadak, herriko plazan.
  • 22:30. Kontzertuak: Liher eta The Grace Of Dionysus. Gaztetxean.