Emakumeen ikasturte bukaerako jaialdia egingo dute maiatzaren 20an

Uztarria.eus 2016ko mai. 11a, 14:35

Ikasturtean zehar Emakumeen Txokoan egin diren Jabetza eskoletako ikastaro eta ekimenetan ikasitakoa erakutsiko dute egun horretan. Beste gauza batzuen artean, gitarra emanaldia, batukada eta Bollywood dantza ikuskizuna izango dira.

Udaleko Parekidetasun Sailak eta Emakumeen Mahaiak antolatuta, emakumeen ikasturte amaierako jaialdia egingo dute maiatzaren 20an, ostirala. Jaialdiaren helburua da ikasturtean zehar Emakumeen Txokoan izan diren Jabetze eskolako ikastaro eta ekimenetan parte hartu duten emakumeek ikasitakoa herriratzea. "Jardueretan parte hartu dugun emakumeak elkartu, gure esperietzia partekatu eta egindako lanaren emaitza herritarrei erakutsiko diegu", azaldu dute.

Honakoa da egun horretarako prestatu duten egitaraua: 

18:30ean: Amaia Garmendiak zuzendutako gitarra emanaldia

19:00etan: "Kapulana bat zintzilik" ikuskizuna Miren Amurizarekin

20:15ean: Bollywood dantza ikuskizuna, Mirari Amenabarrek zuzenduta

20:30ean: Batukadarekin poteoa

21:00etan: Afaria

Afarirako txartelak udaletxeko Parekidetasun Sailean eta Emakumeen txokoan daude salgai eta 20 euro ordaindu beharko dira. Ikasle eta langabetuek, aldiz, 10 euro oraindu beharko dituzte.

Neskatoak dokumentalaren emanaldia

Ikasturte bukaerako jaialdiaz aparte, Emakumeen Mahaiak Paradisu zinemarekin elkarlanean Jon Abrilek zuzendutako Neskatoak dokumental emanaldia antolatu du. Maiatzaren 19an izango da 21:00ean Soreasu antzokian. "Oroimen historikoa berreskuratu eta aitortzearen garrantziaz jabeturik" antolatu du emanaldia, Azpeitiko Udalak, "emakumeen oroimen historikoaren aitortzak izan beharreko lekuaren aldarrikapena egiteko".