'Hartu trena' eguna izango da maiatzaren 21ean, Euskal preso eta iheslarien eskubideen alde

Uztarria.eus 2016ko mai. 11a, 12:01

Egun osoko egitaraua prestatu du Azpeitiko Sarek. Krossa, herri kirolak, herri bazkaria, manifestazioa eta kontzertuak izango dira, besteak beste. 

Euskal preso, iheslari eta deportatuen eskubideen defentsan, Hartu trena eguna antolatu du Azpeitiko Sarek maiatzaren 21erako. Egun osoko egitaraua antolatu dute, aldarria eta festa uztartuz. 

"Azpeitiko presoak bisitatzeko, 3.085 km egin behar izaten dituzte senide eta lagunek asteburuero, auto-isptripuak izateko arriskuan jarriz eta kostu ekonomiko eta fisikoa handia jasanez. Pakea eta Etxarteren egoerak ere, bere horretan jarraitzen du: herrira itzuli ezinda", azaldu du Azpeitiko Sarek. Horregatik, "giza eskubideen urraketekin amaitzeko", herritarrak aktibatu nahi dituztela azaldu dute, eta herritar guztiak animatu nahi dituzte "presoen eskubideen aldeko trena hartzera" eta maiatzaren 21eko ekintzetan parte hartzera. 

11:00etan hasiko dute egitaraua, herri krossarekin. 5 km izango ditu ibilbideak eta izen-ematea 10 euro ordaindu beharko da. Azpeitian honako leku hauetan eman daiteke izena: Aradi eta Aitzaki kirol dendetan, igerilekuan eta Orkatzen. Azkoitian, aldiz, Elkargunean eta Yoko Kirolaken. Dagoeneko eman daiteke izena eta aurrez izena emateko azken eguna maiatzaren 20a izango da. Egunean bertan ere egongo da izena emateko aukera eta 12 euro ordaindu beharko da. Krossa bukatutakoan, hamaiketakoa izango da eta korrikalariek dutxatzeko aukera ere izango dute Izarraitz pilotalekuan. 

12:30ean herri kirolen txanda izango da, plazan. Harri jasotzen arituko dira Xabier Gusta, Goenatxo III.na, Martin Mendizabal, Irolegi III.na eta Elias Perez. Aizkoran, aldiz, Mikel Larrañaga, Eneko Otaño, Julen Alberdi Txikia IV.na eta Jon Irazu aizkolariak arituko dira. Lokotxetan, txingetan eta zakuan hainbat herritarrek hartuko dute parte. Martin Mendizabal eta Elias Perezek marka pertsonal baten ahalegina egingo dute. 

Sabela betetzeko tartea izango da 14:00etan, eta herri bazkaria egingo dute azoka plazan. Txartelak salgai izango dira Orkatz, Izaro eta Pastorkua tabernetan. Langileek 15 euro ordaindu beharko dituzte eta ikasle eta langabeek, 12 euro. 

16:00etan Mus Txapelketa Azkarra jokatuko da azoka plazan. Bikoteko 10 euro ordaindu beharko da eta izen ematea 15:00tatik 15:30era bitartean egin beharko da. Irabazten duen bikoteak txapela eta ardo botilak ramango ditu. Bigarren gelditzen den bikoteak, aldiz, txuleta eta ardo botila bana eramango du etxera.

Umeek ere izango dute zer egin eta zertaz gozatu. Izan ere, 16:30ean umeentzako jolaserako gunea egongo da plazan. 19:00etan manifestazioa abiatuko da plazatik, Dispertsioarekin amaitzeko, hartu trena. Euskal presoak, euskal herrira! lelopean. Ondoren, Skandalue elektro txarangaren kalejira izango da. 

Kontzertuak gauerako 

Behin kirola eginda, bazkalduta eta aldarrirako tartea hartuta, zuzeneko emanaldien txanda izango da gauean. 23:00etatik aurrera kontzertuak izango dira plazan. Ezten Azpeitiko taldea igoko da aurrena oholtzara eta Gozategiren kontzertua izango da ondoren.