Eneko Ibargurenek Espainiako Auzitegi Nazionalean deklaratu du, 11/2013 sumarioaren barruan

Uztarria.eus 2016ko mai. 10a, 14:10

"Erakunde terroristako kide" izatea leporatuta deitu zuten Ibarguren deklaratzera. Gaur, asteartea, izan da Madrilen, eta epailea falta zenez, haren idazkariaren aurretik pasatu da azpeitiarra. Bi galdera erantzun ditu. 

Atzo eta gaur, asteartea, bitartean deklaratu dute, joan den apirilaren 22an Eloy Velasco epaileak "erakunde terroristako kide" izatea leporatuta auzipetutako 47 lagunek, tartean, Eneko Ibarguren azpeitiarrak. Ibarguren gaur izan da Espainiako Auzitegi Nazionalean eta 10:00etan pasatu da epailearen idazkariaren aurretik. Ibargurenek azaldu duenez, Donostiatik bideokonferentziaz deklaratzea eskatu zuten Auzitegi Nazionalera joan beharrean, baina ez zieten eskaera onartu.

Epailea falta zenez, haren idazkariaren aurretik pasatu behar izan dute auzipetuek, eta bi galdera erantzun dituzte. Alde batetik, sumarioa irakurri al duten galdetu diete, eta auzipetuek baietz erantzun diete. Bestalde, sumarioarekin ados al dauden galdetu die auzipetuei epaileran idazkariak, eta ados ez daudela erantzun dute. Gainerako galderei uko egin diete, Eneko Ibargurenek azaldu duenez. Hala ere,  auzipetuei epaiketa izango dutela esan die epailearen idazkariak.

Ibargurenek egunotan herritarrek emandako babesa "ikaragarria" izan dela esan du, eta jasotako elkartasun mezuak eskertu ditu. 

11/2013 sumarioaren barruan sartu zituen Eloy Velasco epaileak, Herrira-rekin lotutako kideak, abokatuak eta Etxerat eta Jaiki Hadiko kideak. Ia guztiei "erakunde terroristako kide" izatea leporatzen diete, "ETAren espetxe frontea" osatzea egotzita.