170 lagunek eman dute izena XII. Izarraizko Mendi Lasterketarako

Uztarria.eus 2016ko mai. 6a, 18:11

110 kirolari daude biharko lasterketa nagusiko zerrendan, eta 60 aurtengo berrikuntza den lasterketa herrikoiarenean; gaur, ostirala, 20:00etan bukatuko da Internet bidezko izen-ematea, baina zapatuan bertan ere izango da apuntatzeko aukera, 14:00etatik 15:30era, herriko plazan. Proba nagusia 16:00etan hasiko da eta herrikoia 16:30ean.

Bihar, zapatua, jokatuko da XII. Izarraizko Mendi Lasterketa. Azpeitiko eta Azkoitiko mendizale elkarteek txandaka antolatzen duten proba Lagun Onak Mendi Bazkunari dagokio aurten eta, beraz, Azpeitiko plazatik abiatuko dira lasterkariak Izarraitz aldera.

Aurten, nobedade gisa, 21 kilometroko distantziaren gainean jokatuko den proba nagusiaz gain lasterketa herrikoia ere jokatuko da, 11 kilometrokoa. Lasterketa nagusia 16:00etan hasiko da, eta 16:30ean herrikoia.

Internet bidezko izen-ematea -Kirolprobak.com webgunean- gaur, ostirala, 20:00etan itxiko dute. Momentuz, guztira 170 dira izena eman duten lasterkariak, 110ek proba nagusirako eta 60k herrikoirako. Zapatuan bertan ere izango da apuntatzeko aukera, 14:00etatik 15:30era, herriko plazan. Izena eman dutenen artean, gizonetan Walter Becerra, Ibon Manzisidor eta Xabat Manzisidor azpeitiarra nabarmendu dituzte antolatzaileek; eta beste azpeitiar bat, Maite Etxezarreta, emakumeen artean.

Boluntarioei eta azkoitiarrei eskerrak

Lagun Onak MBkoek biharkorako "dena prest" dutela esan dute eta, bide batez, "eskerrak eman" nahi izan dizkiete bidegurutzeak zaintzen edota janari-edaria banatzeko postuetan ariko diren boluntarioei, "haiek gabe ezingo genuke-eta horrelako proba bat antolatu"; 60-70 bat boluntario izango dira laguntzen XII. Izarraizko Mendi Lasterketan.

Eskertuta daude antolatzaileak, era berean, biharko mendi lasterketaren barruan independentziaren aldeko herri galdeketa babesteko egingo den Azpeitia-Azkoitia erronkarako prest agertu diren Azkoitiko ordezkariekin.