Barne kudeaketa hobetzeko tresna informatikoa jarri du martxan Udalak

Uztarria.eus 2016ko mai. 6a, 16:35
Ezkerretik eskubira, Mikel Ibarzabal eta Josu Labaka zinegotziak, eta Mikel Larreategi Codesyntaxekoa, gaurko aurkezpenean.

Zerbitzu Orokorren departamentuak jarri du abian Interneten plataforma berria, herritarren eskaerei hobeto eta azkarrago erantzutea helburu. Aurrera begira, ez dute baztertu tresna berria gainerako departamentuetara zabaltzea. 

Plataforma informatiko berria jarri du martxan Udaleko Zerbitzu Orokorren departamentuak Interneten, udal jardueran gardentasuna indartzeko. "Tresnaren helburua da, dauden beharrei eta herritarrek egiten dituzten eskaerei ahalik eta azkarren erantzutea, eta horretarako barne kudeaketa hobetzea", azaldu du Josu Labaka zinegotziak. "Udala herritarren eskura egon behar duen zerbitzu publikoa dela uste dugu. Kristalezko hormak dituen Udala nahi dugu eta hori lortzera bidean pauso berri bat eman nahi dugu tresna honekin", azaldu du Labakak.

Tresna berria "txikiak diren baina horregatik garrantzi gutxiagokoak ez diren lanak”, hala nola, mantenu lanak edo azpiegiturei lotutakoak, kudeatzeko izango dela azaldu du Josu Labakak. Horrez gain, horiei ahalik eta azkarren erantzuna emateko balioko duela azaldu du zinegotziak.

Horrela, Internet bidezko plataforma hori erabilita, Zerbitzu Orokorren departamentuan izan dituzten eskaeren eta eginbeharren irakurketa bat egingo dute: "Plataforma berriaren bitartez, lanen gaineko kontrol zehatzagoa eramango dugu; zenbat eskaera egon diren, zenbat denboran erantzun zaien edota zenbat baztertu diren jakiteko", azaldu du Labakak. Izan ere, Udalaren bitartekoak neurtu behar dituztela esan du zinegotziak, "emaitza hobeak lortzeko".

"Emaitza onak" oraingoz

Otsail bukaeran hasi ziren kudeaketarako tresna erabiltzen eta, orduz geroztik, 530 lan kudeatu dituzte tresnaren bidez. Barneko eskaerak eta kanpoko eskaerak bereizi dituzte, eskaerak nondik datozen ikusteko. "Egon diren 530 eskaeren erdiak herritarrek egindakoak dira, eta gainerakoak Udalaren barruan antzemandakoak. Eskaera guztietatik 400 dagoeneko bukatuta daude eta gainerako 130ak martxan dira", azaldu du Mikel Larreategik, tresna berria sortu duen Codesyntax enpresako kudeatzaileak. "Datuen emaitzak onak dira oraingoz eta aurrera begirakoak ikusi beharko dira garapena ikusteko", gaineratu du Larreategik.

Eskariak egiteko aukera

Herritarrek beraien eskariak Internet bidez egiteko aukera izango dute, azpeitia.eus webgunearen bitartez. Bertan galdetegi bat dago, bakoitzaren ekarpenak eta eskariak egiteko. Behin hori bete eta bidalita, Udala harremanetan jarriko da eskaera egin duen herritarrarekin eta hartutako erabakiaren jakinaren gainean jarriko dute.