'El juez' eta 'Ratchet and clank' filmak ikusgai asteburuan, Soreasun

Uztarria.eus 2016ko mai. 6a, 12:58

El juez eta Ratchet and Clank filmak izango dira ikusgai zapatutik astelehenera bitartean Soreasu antzokian. Zapatuan El Juez izango da ikusgai 22:00etatik aurrera. Igandean, hilak 8, Ratchet and Clank filma emango dute 16:30ean. Bestalde, El juez eskainiko dute 19:30ean. Astelehenean, ikusleen egunean, berriz emango dute El juez, 21:30etatik aurrera.

El juez komedia eta drama generoko filma da, 2015ean Frantzian ekoiztutakoa. Frantziako herri txiki batean kokatzen da istorioa. Michel Racine epailea penaleko tribunal errespetatu bateko presidentea da. Bere buruarekin bezain zorrotza besteekin ere. 'Bi hizkitako' epailea bezala ezagutzen da, gutxienez 10 urteko zigorra jartzen duela-eta. Dena aldatzen da Ditte Lorensen-Coteretekin topatzen denean. Hilketa bat egotzi dioten gizon bat epaituko duen epaimahaiko kidea da Lorensen-Coteret; eta Racine behin batez maiteminduta egon zen emakumea; seguruenera, inoiz maite izan duen emakume bakarra.

Ratchet and Clank animaziozko filma da. Galactic Space Rangers heroi taldeko kide izatea du amets Ratchet-ek. Aukera bat suertatuko zaio, kide berri batentzako frogak egiteko epea zabaltzen dutenean. Bien bitartean, Drek gaizkilea Tenemule planeta suntsitzeko asmotan dabil.