Lasaon bidegorriaren lotura trenbide ondoko tuneletik egiteko eskatuz sinadurak jasotzen hasi dira

Uztarria.eus 2016ko mai. 5a, 21:23

Auzo elkarteak, Azpeitiko eta Zestoako udalek eskatutakoa babestuz, Internet bidez ekin dio lanari, "zerbait larria gertatu aurretik arazo hau behingoz konpontzeko". Eusko Trenbideetako eta Gipuzkoako Foru Aldundiko arduradunei bideratu nahi diete eskaera.

Lasaoko Izarraitzpe Kultur Elkarteak -izen hori hartu du berriki hango auzo elkarteak- Internet bidez sinadurak jasotzeari ekin dio, Lasaon bertan bidegorriaren lotura trenbide ondoko tuneletik egiteko eskatuz. Change.org atarian herenegun ireki zuten horretarako orrialdea.

Azpeitiko eta Zestoako udalek martxoan argitaratu zuten gutunean eskaerarekin bat egin dute, horrenbestez, Lasaoko auzotarrek. Gipuzkoako Foru Aldundiak Azpeititik eta Zestoatik Lasaora iristen diren bidegorrien arteko lotura errepide gainetik egiteko asmoa duela zioten bi udalek gutun hartan, erabaki horren arriskuak nabarmenduz eta lotunea trenbidearen ondoko tuneletik egiteko eskatuz. Gauza bera eskatzen dute lasaotarrek ere.

Bidegorriko erabiltzailtzaileentzat ez ezik, Lasaoko biztanleentzat ere irtenbiderik egokiena tunelarena dela diote Izarraitzpe elkartekoek. "Herritarron eskaerak orain dela 5 edo 6 urte hasi ziren, trenbide ondoan auzolanean egokitzapen lana egiteko asmoa agertu eta modu seguruan auzoaren bi aldeak errepide azpitik lotzeko nahiarekin. Luzaroan egon gara erantzun baten zain eta baimenik gabe ezertxo ere ezin zitekela egin esaten ziguten. Azken erantzuna asko luzatu da denboran eta, beti bezala, ezezkoa izan da", diote.

Aspalditik datorren arazoa Zestoako bide berdea ireki zutenetik "areagotu" egin dela nabarmendu dute, "orain bidegorriaren erabiltzaile kopurua asko handitu baita. Gainera, Euskotreneko langileek trenbide ondoko sarrera behin eta berriz itxi dute, trenbide ondotik pasatzea ezinezkoa bihurtuz, nahiz eta astegunetan eta neguan ez den trenik ibiltzen". Burdinbidearen Euskal Museotik joan-etorriak egiten dituen lurrunezko tren turistikoa da gaur egun trenbidea erabiltzen duen bakarra. Hala ere, Lasaokoek argi utzi nahi dute beraien eskaera ez doala trenaren aurka: "Trenak eta oinezkoak elkarrekin bizi gintezke, nola bestela?".

Bidegorriak zebrabide batekin lotu nahi dituzten errepide zatiaren aurretik abiadura 50 kilometrora mugatzeko eta oinezkoen eta bizikleta zaleen presentziaz ohartarazteko arrisku seinaleak jarri izana "eskuak garbitzeko" besterik ez dela ere uste dute Lasaoko elkartekoek. "Bide horretan egunero pasatzen garen herritarrok ikusi dugu hori ez duela inork betetzen eta kezkatuta gaude", diote.

Interneten jasotako sinadurak Eusko Trenbideetako eta Gipuzkoako Foru Aldundiko arduradunei bideratu nahi dizkiete, "zerbait larria gertatu aurretik arazo hau behingoz konpontzeko" eskaerarekin.