Sorkuntza bekaren oinarriak bidaltzeko eskatu dio Carlos Urkijok Udalari

Uztarria.eus 2016ko mai. 5a, 20:47
Sorkuntza Bekaren harira Udalean jaso duten eskaeraren agiria da hau.

Espainiako Gobernuaren ordezkariaren errekerimendua apirilaren 20an sinatuta dago. Udalaren beste hainbat erabakiri helegiteak jarri dizkio azken urteetan.

Espainiako Gobernuak EAEn duen ordezkariaren eskaera berri bat jaso du Azpeitiko Udalak. Oraingo honetan, Udalak Kultur Mahaiarekin elkarlanean sortutako Sorkuntza Beka da Carlos Urkijoren interesa piztu duena. Horrela, Udalak Gobernu Ordezkaritzaren errekerimendua jaso du, beka horren oinarrien kopia osoa eta ohiko alegazio epean alegaziorik izan al zen ala ez adieraziz Udaleko idazkariaren agiria bidaltzeko eskatuz.

Martxoan aurkeztu zuten Kultur Mahaiarekin elkarlanean osatutako egitasmoa. Apirilaren 18an bukatu zen eskaerak bidaltzeko epea eta joan den astean jakinarazi zuten hamar proiektu aurkeztu direla diru-laguntza jasotzeko. Espainiako Gobernuaren ordezkariaren eskaera, berriz, apirilaren 20an sinatuta dago.

Helegite sail luzea

Eneko Etxeberria alkateak sare sozialetan zabaldu du gaur, osteguna, Urkijoren eskaera. Uztarriak gaiaz galdetuta, harrituta eta haserre agertu da alkatea. Izan ere, azken eskaera hau aurrez Urkijok Udalari jarritako helegite sail luzeari gehitu zaio. "Jazarpena" aipatu du Etxeberriak, "horrela egunero" ibiltzeaz nekatuta. "Euskal kultura sustatzeak Estatuko Gobernuaren ordezkariari kalte egiten dio, nonbait", esan du.

Aurreko agintalditik dator Espainiako Gobernuaren ordezkariak Azpeitiko Udalari jarritako helegiteen soka. Espainiako bandera udaletxean jartzeko, presoen senideei emandako laguntzengatik, Olatz Izagirre babesteko mozioagatik, Kataluniako estelada balkoian jartzeagatik, aktak euskaraz bidaltzeagatik, Udalbiltza diruz laguntzeagatik, euskara sustatzeko emandako laguntzengatik... helegiteak jarri dizkio Azpeitiko Udalari Urkijok. Kasu askotan, Azpeitikoarenak bezala beste udal askoren erabakiak ere ezbaian jarri ditu.

Helegiteen gainean erreportajea argitaratu zuen Uztarriak 2014ko azaroko aldizkarian, Urkijoren lupa izenburuarekin.