Merkataritza eta lehen sektorea indartzera 40.000 euro bideratuko ditu Udalak

Uztarria.eus 2016ko mai. 5a, 15:07

Xabier Aldalur Bertaneko teknikaria, Agustin Lizarralde zinegotzia eta Estitxu Elduaien zinegotzia.

Langile berrien kontratazioa, establezimenduen berritzea, internet bidezko salmenta eta Urrestilla, Nuarbe eta Alde Zaharreko merkataritza lagunduko dute. Aurten, guztira, 300.000 euro bideratuko ditu Udalak sustapen ekonomikora. 

Sustapen Planaren baitan, 40.000 euro bideratuko ditu Udalak Merkataritza eta lehen sektorea indartzera. Lehen sektoreko enpresek jaso ahal izango dute diru-laguntza, baita merkataritzako eta lehen sektoreko jarduerak Alde Zaharrean, Nuarben eta Urrestillan jartzen dituztenek ere.

Agustin Lizarralde zinegotziak azaldu duenez, "helburua da herriko lehen sektorea eta merkataritza indartzea", eta horretarako hiru lerrotan banatuko dituzte diru-laguntzak. Alde batetik, onuradunak izango dira langabezian dauden herritarrak kontratzen dituzten enpresak. Hiru hilabeteko kontratua egiteagatik, 600 euroko diru-laguntza jasoko dute. Aldiz, sei hilabeteko kontratua egiteagatik 1.200 euro eskuratuko dituzte.

Establezimenduetan eta instalazioetan egiten diren inbertsioak ere diruz lagunduko dituzte. Hain zuzen, gastuen %30ean lagunduko du Udalak. Dendetan berrikuntzak egiteagatik ere diru-laguntzak emango dituzte, 1000 eta 3000 euro bitartean.

Lehen sektoreko eta merkataritzako jarduerak Alde Zaharrean, Nuarben eta Urrestilan jartzen dituztenek ere jasoko dute obaria. Hori horrela, alokairuaren kostuaren %50ean lagunduko du Udalak eta horrez gain, 3000 eurora arteko diru-laguntza jaso ahal izango dute. 

Internet bidez produktuak salgai ipintzeko ataria martxan jartzeagatik ere emango dituzte diru-laguntzak. Kasu horretan, onuradunek gehienez 200 euroko laguntza jasoko dute.

Aurten lehen aldiz, diruz lagunduko ditu Udalak hiru merkatari edo gehiagok elkarlanean martxan jarritako proiektuak. Gehienez 10.000 euroko laguntza bideratuko da horretara. Xabi Aldalur Bertan Azpeitiko Merkatarien Elkarteko teknikariak azaldu duenez, harremanetan izan dira Udalarekin, eta merkatarien proposamenetatik abiatuta adostu dituzte laguntzak. 

Lokal hutsak biziberritzera

Lehen sektorea eta merkataritza indartzeko planaren baitan, hutsik dauden lokalen azterketa egingo du Udalak. "Helburua da horiei bizia eman eta txukuntzea, kalerak ere beste itxura bat hartu dezan", azaldu du Agustin Lizarraldek. Estitxu Elduaien zinegotziak, bere partetik, "merkataritzak eta lehen sektoreak herria biziago" egiten dutela esan du, eta horregatik dinamizatu eta indartu behar direla. "Horretara datoz lokal hutsen ikerketa eta azoka plazaren proiektua", esan du Elduaienek.