Sahatsa Dantza Taldeak 'Katalina de Erauso' pastoralean hartuko du parte

Uztarria.eus 2016ko mai. 4a, 13:06
Sahatsako dantzariak Baionan egin zuten entsegu batean.

Baionako Katalina de Erauso Elkartearekin ari dira pastorala prestatzen Sahatsako dantzariak. Bi emanaldi eskainiko dituzte: ekainaren 5ean Baionan eta irailaren 3an Donostian.

Aurten 40 urte egin ditu Azpeitia eta Azkoitiako Sahatsa Dantza Taldeak eta hori ospatzeko "proiektu berezia" dute esku artean. Izan ere, Baionako Katalina de Erauso Elkartearekin elkarlanean Katalina de Erauso pastorala prestatzen ari dira. Iaz hasi ziren entseguetara Baionara joaten Sahatsako kideak eta geroz eta gertuago dute pastoralaren estreinaldiaren data. Ekainaren 5ean taularatuko dute lehen aldiz lana Baionan. Irailaren 3an, aldiz, Donostian izango dira. 

Sahatsak Gipuzkoako ezpata dantzarekin hartuko du parte pastoralean, XVII. mendean egin ohi zen dantza eskainiz. "Katalina de Erausoren bizitza ezpatari oso lotuta egon zen bere bizitzako hainbat pasarteetan", azaldu dute Sahatsako ordezkariek. Katalina de Erauso Donostian jaio zen abenturazalea eta soldadua izan zen, eta haren bizitza kontatzen du pastoralak. 

Esperientzia "aberasgarria" izaten ari dela azaldu dute Sahatsakoek eta emanaldi hori beraientzat "ezberdina eta garrantzitsua" dela azpimarratu dute.