Plazako kioskoko eskailerak estali ditu Udalak, "haurrentzat seguruago izateko"

Uztarria.eus 2016ko mai. 3a, 13:58

Plazako kioskoaren azpiko biltegira eramaten duten eskailerak estali ditu Udalak. Azaldu duenez, "hainbat herritarren eskaerak kontuan hartuta eta estali gabe egoteak haurrentzat izan zezazkeen arriskuaren jakitun izanda" hartu dute erabakia. Hala, burdinezko estalki bat jarri diote eskailerari. Udaletik azaldu dutenez, " estalkiaren erdia finkoa da eta beste erdia ireki daiteke, beheko biltegia erabiltzerako orduan arazorik ez izateko". 3.500 euro inguruko aurrekontua izan du estruktura hori egiteak. 

"Eskaileren gaina tapatu dugu, baina haurrak kioskoaren kanpoko aldetik nolanahi ibiltzen dira. Beraz, dagoen altura kontuan izanda, gurasoei haurrak kioskoan dabiltzanean arreta jartzeko eskatu nahi diegu, ezer gerta ez dadin”, adierazi du Josu Labaka zinegotziak.