Aingeru Castro eta Alaitz Urkiola, aurten ere azkarrenak Azpeitiko Rallysprintean

Uztarria.eus 2016ko mai. 2a, 18:53
Aingeru Castro eta Alaitz Urkiolaren kotxea, zapatuko rallysprintaren une batean. (EDUARDO MATURANA)

Iñigo Olabeagogeaskoetxea eta Iñaki Narbaiza sailkatu ziren bigarren tokian, eta Gurutz Agirretxe eta Egoitz Aiertza hirugarrengoan.

Iazko lorpena errepikatuz, Aingeru Castro eta Alaitz Urkiola (BMW M3) izan dira Azpeitiko XVII. Rallysprintaren irabazleak. Haien atzetik, bigarren postua Iñigo Olabeagogeaskoetxeak eta Iñaki Narbaizak (BMW M3) lortu zuten zapatuko lasterketan; 12 segundora gelditu ziren. Hirugarren, berriz, Gurutz Agirretxek eta Egoitz Aiertzak (BMW M3) egin zuten.

Bigarren txandan -hiru zituen guztira- proba eten egin behar izan zuten, bi istripu gertatu zirelako; antolatzaileen arabera, txapa istripuak eta mekanikoak izan ziren, baina garabiekin atera behar izan zituzten autoak.

Maila edo klasekako sailkapenei dagokienez, Urtzi Oteiza azpeitiarra aurrena izan zen 3. klasean; eta beste azpeitiar bat, Jokin Aiertza, Formula Librean. Mailaka, honela gelditu ziren sailkapenak:

  • 6. klasea: Iban Tarsicio eta Iñigo Peña (Mitsubishi EVO IX)
  • 5. klasea: Aingeru Castro eta Alaitz Urkiola (BMW M3 )
  • 4. klasea: Adrian Gomez eta Iker Lopez (BMW325)
  • 3. klasea: Urtzi Oteiza eta Janet Uzkudun (Renault Clio)
  • 2. klasea: Peru Urkidi eta Egoitz Aiertza (Citroën Saxo VTS )
  • 1. klasea: Iker Aritzi eta Joseba Astondoa (Citroën Saxo)
  • Formula Librean: Jokin Aiertza eta Haritz Olasagasti (BMW E30)