Loiolabide eta Sanjuandegi artean egingo dituzten lanez hitz egiteko bilera irekia egingo du Udalak

Uztarria.eus 2016ko mai. 2a, 15:35

Bilera ostiralean izango da, udaletxeko pleno aretoan, 18:30ean hasita. Obrekin, tartean zubiaren eraikuntzarekin, "denbora motzean" hasiko direla jakinarazi du Udalak. 

Loiolabide eta Sanjuandegi lotzeko egingo dituzten lanez, tartean zubiaren eraikuntzaz, xehetasunak azaltzeko, batzar irekia egingo du Udalak ostiralean, hilak 6. Udaletxeko pleno aretoan izango da bilera, 18:30ean. 

Obrak "denbora motzean" hasiko direla jakinarazi du Udalak, eta gaiak "herritarren artean sortu dezakeen jakin-mina" kontuan izanda, lanak egingo diren inguruetako bizilagunei eta, oro har, herritarrei zuzenduta egingo dute bilera. "Lanak hastear dira, inbertsioagatik eta suposatuko duen auzoaren eraldaketa sakonagatik obren inguruko xehetasunak eman nahi dizkiegu inguruko bizilagunei", adierazi du Aitor Bereziartua zinegotziak.

Lan horiek Izarra eremuko urbanizazioaren azken fasea izango dira. Sanjuandegin, uholde arriskuak saihesteko neurriak ere hartuko dituzte. Horrela, Etxebeltz-Izarra eremuan etxebizitzak eraikitzeko proiektua bukatuta geldituko da. Obrek 3.000.000 euro inguruko aurrekontua izango dutela azaldu du Udalak.