Espainiako Kick Boxing Txapelketa irabazi du Ainara Torviscok

Uztarria.eus 2016ko mai. 2a, 11:40
Torvisco (ezkerretik hirugarrena), Kuraia Kick Boxing taldeko kideekin Sevillako finalean. (Kuraia Fight).

Zuzenean eman diote urrezko domina azpeitiarrari, aurkaria ez baitzen finalera aurkeztu. "Garaipen gazi-gozoa izan da", Torviscoren hitzetan. 

Urrezko dominarekin itzuli da Ainara Torvisco Espainiako Kick Boxing Txapelketatik. Joan den asteburuan jokatu da txapelketa Sevillan (Espainia), eta zapore "gazi-gozoarekin" itzuli da Torvisco bertatik. Izan ere, azpeitiarraren aurkaria ez zen atzoko finalera aurkeztu, eta zuzenean eman zioten urrezko domina Ainara Torviscori. 

"Pena da ezin borrokatu izana, horretara joan nintzen Sevillara. Ez naiz guztiz gustura gelditu, lorpenak borrokatu egin behar baitira", adierazi du Torviscok. Hala ere, txapelketaren aurretik egin duen prestaketa fisiko eta mentalarekin "gustura" dagoela esan du, eta finalera iritsi izana horren emaitza dela. 

Ainara Torviscok Espainiako Kick Boxing Txapelketa irabazten duen bigarren aldia da aurtengoa. Iaz irabazi zuen lehen aldiz urrezko domina aipatutako txapelketan. Horren harira, Torviscori elkarrizketa egin zion Uztarriak abuztuko aldizkarian eta Udalak harrera egin zion, egindako lana aitortzeko.