Ekainaren 5eko herri galdeketa

Erabaki Fest!: lehen txanpa osatuta

Uztarria.eus 2016ko api. 30a, 17:46

Ekainaren 12ra begira jarri dira azpeitiarrak apirilaren 30 honetan. Hitzartuk antolatutako independentziaren gaineko herri galdeketari babesa emanez, herriko musikari, kantari, dantzari eta tabernarien artean egun osorako egitaraua prestatu dute. Goizean Jose Luis Frantzesenak Julian Barrenetxea Abesbatzarekin parrokian eman duen kontzertuarekin hasi da Erabaki Fest!. Ondoren, 12:30ean hasita, kalejiran ibili dira Barrenetxeakoak, Kantu Jirakoak, KBeat ahots taldekoak eta Itsasiko dantzariak, plazan eta Paulo VI.eneko txokoetan geldialdiak eginez.

Kalejira bukatzerako hasia zen Betharrameko aretoan Erabaki Fest!-en lehen zatiaren azken emanaldia. Artzubiko parkean egitekoa zen, hasieran, Amaia Garmendia eta Arantxa Orbearen, Unai Irukoaren eta Xabier Saldiasen kontzertua, baina goizeko eguraldi nahasiak aterpea bilatzera eraman ditu antolatzaileak. KBeatekoak ere igo dira oholtzara, eta Betharramen jo du goiak goiz-eguerdiko giroak. Aretoa beteta, Juan Antxieta Musika Eskolako irakasleen babesean kantatu dute protagonistek, baita giroa berotu ere. Denek elkarrekin Azpeitia da gure herria kantatuta amaitu dute emanaldia.

Rockaren txanda

Erabaki Fest!-en bigarren txanda 17:00etan hasiko da eta goizaldera arte ez du etenik izango. Herriko rock taldeek hartuko dute lekukoa tabernetan eta Sanagustin kulturgunean. Hau da geratzen denaren egitaraua:

Arratsaldez, tabernetan

  • 17:00. Etxe-Zuri ​tabernan, Verrater​ taldea.
  • 17:45. Pikua ​tabernan, Trini Fox​ taldea.
  • 18:30.​ Oñatz ​tabernan, Segabathor​ taldea.
  • 19:15. ​Orkatz​ tabernan, LS Senghor​ taldea.
  • 19:45. ​Pikua ​tabernan, Ezten​ taldea.
  • 20:00. ​Orkatz​ tabernan, Jotakie ​taldea.

Gauez, Sanagustin kulturgunean, 22:30ean hasita

  • E12ko galdeketaren aldeko abestiaren zuzeneko aurkezpena.
  • Tiobibo
  • Legen Beltza
  • Fundiziyue
  • Egurra ta Kitto