Lau kantu berrirekin izango da Verrater zapatuko Erabakifest! jaialdian

Uztarria.eus 2016ko api. 28a, 11:25
Gaizka Arrue gitarra-jolea, Julen Hidalgo bateria-jolea eta Ibon Aiertza baxu-jolea.

Larunbatean oholtza gainera igoko dira Verraterreko musikariak, Hitzartuk egingo duen herri galdeketa babesteko antolatutako Erabakifest! musika jaialdian. Etxe-Zuri tabernan joko dute 17:00etan, eta lau kantu berri aurkeztuko dituzte.

Erabakifest! jaialdiko talde gazteena da Verrater. Gaizka Arrue, Iratz Uranga, Ibon Aiertza, Julen Hidalgo eta Manex Odriozolak osatzen dute taldea, eta  zapaturako "lasai eta gogotsu" daudela adierazi dute. "Erabakitzeko eskubidearen alde horrelako ekimenak antolatzea polita" dela esan du Gaizka Arrue gitarra-joleak , eta horregatik jarri dutela euren alea, ekimena babesteko. 

Zapatuko kontzerturako entseatzen ibili dira aste honetan eta oraindik beste pare bat egingo dituztela azaldu du Julen Hidalgo bateria-joleak. "Hala ere, ez gara entsegu asko egiten ditugun taldea", gaineratu du. 

Abenduan eman zuten azken kontzertua Sanagustin kulturgunean. Orduan Fridays Crew eta Ezten taldeekin konpartitu zuen oholtza Verraterrek. Oraingoan, Etxe-Zuri tabernak emango dute kontzertua, 17:00etatik aurrera. Oholtza handian jotzea edo taberna barruan kontzertua ematea, zer nahiago duten galdetuta, argi dute: "Tabernan beste giro bat izaten da. Publikoa gertuago sentitzen duzu eta giro hobea izaten da", diote. 

Azken boladan konterturik eman ez badute ere, ez dira geldirik egon. Lau abesti propio egin dituzte eta beste talde batzuen bi bertsio moldatu ere bai. Altxatu naiz, Hiri lagun, Duintasunaren sustraiak eta Erasorik ez! dira Verraterren kantu berrien izenak. Azken biak, Duintasunaren sustraiak eta Erasorik ez!, gudarien omenez eta emakumeenganako indarkeriaren kontra egin dituzte, urrenez urren. 

Orain, zapaturako azken txanpan, euren lana ahalik eta gehien hobetzen saiatuko direla esan dute, eta herritarrei kontzertuak ikustera joateko dei egiten diete, "ederra izango baita larunbatekoa".  

Aurrera begirako asmoak

Kontzertuak emateaz gain, badituzte beste asmo batzuk Verraterreko bost musikariek. "Udaran diskoa grabatzea gustatuko litzaiguke", azaldu du Ibon Aiertza, baxu-joleak. Oraingoz "asmoa eta gogoa" dute, baina udara gerturatzen joan ahala "diskoari forma emateko martxan" jarriko direla esan dute. Bitartean, kontzertuak eskaintzen jarraituko dute. Ondorengo bi hitzorduak borobilduta dituzte egutegian: Beasain eta Lepazpi izango dira Verraterren hurrengo bi geltokiak.