Izarraizko mendi lasterketan parte hartzeko izena eman daiteke dagoeneko

Uztarria.eus 2016ko api. 27a, 11:58

Maiatzaren 7an izango da lasterketa eta www.kirolprobak.com webgunean eman daiteke izena. 21 kilometro eta 1.660 metroko malda izango du. Lasterketa herrikoia ere antolatu dute lehen aldiz. 11 kilometro izango ditu proba horrek. 

XII. Izarraizko Mendi lasterketan izena emateko epea zabalik da. Proba maiatzaren 7an izango da eta aurtengoan, estreinakoz, proba herrikoia antolatu du Lagun Onak Mendi Bazkunak egun horretarako.  Bi lasterketetan parte hartzeko izen ematea www.kirolprobak.com webgunean egin behar da. 

Lasterketa nagusiak 21 kilometro eta 1.660 metroko malda izango du, eta inguruetako tontor altuenak igoko dituzte: Xoxote, Kakute eta Erlo. Proba herrikoiak, aldiz, 11 kilometro eta 840 metroko malda izango du. Xoxote izango da lasterketa herrikoiaren punturik altuena. 

16:00etan irtengo dira bi lasterketak Azpeitiko plazatik eta aurreneko 5 kilometro berdinak izango dira bi probetan. Emakumezkoetan eta gizonezkoetan lehen hiru sailkatuek jasoko dute saria. Parte-hartzaile guztiek ere izena emateagatik oparia jasoko dute: poltsa bat, sagardo botila, mangitoak eta Santi Lazkano kirol dendan gastatzeko 15 euroko txartela. Zozketak ere egingo dituzte eta kirol materiala eta masajeak edo fisioterapia bonoak zozkatuko dituzte, besteak beste. 

Herri galdeketari babesa

Hitzartuk ekainaren 12an egingo duen herri galdeketari atxikimendua emango dio Lagun Onak Mendi Bazkunak ere. Horretarako, euren alea jarri dute eta Izarraizko mendi lasterketaren aitzakian, azpeitiarren eta azkoitiarren arteko erronka antolatu dute. Azpeitiko nahiz Azkoitiko bost korrikalarik hartuko dute parte, lau gizonezkok eta emakumezko batek. Talde bakoitzeko korrikalariek egindako denborak batuko dituzte eta ibilbidea egiten denbora gutxien pasatzen duenak irabaziko du.