Azoka plaza indarberritzeko dinamika aurkeztu dute Udalak eta eragileek

Uztarria.eus 2016ko api. 26a, 21:04
Udaleko ordezkariak eta eragileak gaur, asteartea, Berdura plazan egin duten agerraldian.

Eraberritze lanak amaitutakoan bertan eskainiko dena parte-hartzearen bidez zehaztu nahian ari dira, azoka plaza "ekonomia, lehen sektorea eta bertako produktuak sustatzeko motorea" izatea helburu dutela. Beheko solairua egokitu ondoren, baserritarren azokarako "leku askoz txukunago eta egokiago bat" izateaz gain, arrandegia, harategia eta hirugarren establezimendu bat izango ditu.

2014an hasi zituen Udalak azoka plaza berritzeko lanak. Harrezkero, eraikinaren kanpokaldea pixkanaka eraldatzen nola joan den ikusi dute azpeitiarrek. Joan den astean, berriz, azoka plazaren beheko solairua egokitzeko lanak lehiaketara atera dituztela jakinarazi zuten. Urte honen amaiera alderako gune hori erabilgarri izatea espero du Udalak. Eraikinaren eraberritzeari, ordea, edukia ere eman nahi diote, eta horren gaineko argibideak eman dituzte gaur, asteartea, udal ordezkariek eta herriko hainbat eragilek egin duten agerraldian.

Azaldu dutenez, azken hilabeteotan lanean ari dira, Berdura plaza berrituan zer eta nola eskaini aztertzen. "Dinamika parte-hartzaile baten bidez, kanpoko itxura aldatzetik haratago herriko ekonomia sustatuko duen gune dinamiko bat sortzeko lanetan" ari da Udala, Josu Labaka zinegotziaren hitzetan, eta bide hori eragile askorekin elkarlanean egitea erabaki du, besteak beste Urkome, Bertan, Iraurgi Berritzen, Urolab, Kultur Mahaia, Alde Zaharreko dendariekin, baserritarrekin, azoka plazan postua dutenekin, eta bestelako hainbat norbanakorekin.

Betikoa, bertakoa eta zerbait gehiago

Azoka plaza "ekonomia, lehen sektorea eta bertako produktuak sustatzeko motorea" izatea da Udalaren helburua, "baina ez edonolako ekonomia. Pertsonengandik abiatutako ekonomia, ekonomia arduratsu, bertakoa, jasangarria eta sozialaren aldeko apustua egin nahi dugu", azpimarratu du Labakak.

Orain arte bezala, azoka egiteko eta produktuak merkaturatzeko gunea izango da etorkizunean ere Berdura plaza, postu finkoekin zein ez finkoekin. Baina astearte eta ostiraletako azokez gain, "etorkizunean bestelako azokak eta ekintzak egitea ere izango da erronka. Sektore eta eragileen elkarlanetik abiatuta erabilera anitzeko gune multifuntzional eta bizia sortzea" nahi dute.

"Orain artean plazaren inguruko hausnarketa eta asmoak geure artean konpartitzen aritu gara, eta iritsi zaigu egiten ari ginena plazaratu eta fase berri batera sartzeko unea", esan du Labakak Beheko solairuko lanak ekainean hastea eta sei-zortzi hilabetetan bukatuta egotea aurreikusten dute. Bukatzean, baserritarren azokarako "leku askoz txukunago eta egokiago bat" izateaz gain, arrandegia, harategia eta hirugarren establezimendu bat izango ditu. "Hirugarren establezimendu hori lehen sektoreari lotutakoa eta Euskal Herrian bertan ekoizten diren produktuen gunea izatea" nahi dutela adierazi du Josu Labakak.

Bilera gehiago, proiektua zehazteko

Aipatutako eragileekin abiatutako dinamikan sakontzea izango da Udalaren ondorengo pausoa. Horrela, "beste bilera erronda" egitekoak direla aurreratu dute, "eraikinari bizitza emango dion proiektu zehazta garatzen hasteko". Bilera horiekin, batetik, "proiektu honen motorea izango den mahaia osatu" nahi dute; eta, bestetik, "orain artean osatutako sarera jendea batzea".