Mikel Aranguren: "Elizak aurka joateari utzi eta modu positiboan azaldu behar ditu gauzak"

Uztarria.eus 2016ko api. 25a, 21:13
Mikel Aranguren.

Apirileko Uztarria herri aldizkaria dagoeneko irakurgai dago webgune honetan, PDF formatuan (hemen). 182. zenbaki horretan, besteak beste, erlijioaren bidea hartu duten bi azpeitiarri egindako elkarrizketak irakur daitezke: Mikel Aranguren apaiza eta Yon Cuadrado apaizgaia. Arangurenena ekarri dugu hona.

Giza baliabideetako arduraduna zen enpresa batean. 30 urterekin, lana utzi eta apaiztea erabaki zuen. Espiritualitatearen inguruko tesia ari da egiten Erroman eta Uztarriak Skype bidez elkarrizketatu du.

Nola iritsi zitzaizun bokazioa?

Ez da egun batetik bestera sortzen den gauza. Bizitzan une desberdinetan sentitu nuen barruko dei hori, bokazioa esaten dena. 27 urterekin, misio esperientzia bat bizi izan nuen Perun, jende oso behartsuarekin, eta orduan inoiz baino indartsuago sentitu nuen deia. Goseak, gaixotasun larriekin, muturreko egoeran egonagatik bizitzari aurre nola egiten zioten ikusteak nire bizitzako gauza asko zalantzan jarri zizkidan. Konturatzen zara zenbat makillaje dugun bizitzan, benetako zoriontasunera eramaten ez gaituena. Esperientzia izugarria izan zen eta erabaki nuen denbora hartu behar nuela, bizitzan izan nahi nuenaz hausnartzeko.

Norbaitek ezer bazekien?

Horrelako prozesu batean oso garrantzitsua da norbaitek laguntzea. Nire kasuan ez nuen aukeratu apaiz bat edo gertuko pertsona bat, kontenplazioari emandako berrogei urtetik gorako moja baizik. Jaungoikoaren aurrean jarri eta hausnartu nahi nuen sentitzen nuen hura benetakoa zen edo ez. Ni zoriontsu bizi nintzen. Dena nuen, ez zitzaidan ezer ere falta: lan oso ona nuen, familia, lagunak... Horregatik izan zen oso zaila pausoa ematea. Horrela kontatuta pelikuletako zeozer dirudi, sinestea zaila egiten da, baina Jainkoaren deia eta maitasuna sentitu nituen nire barruan, 'jarrai bide hau' esaten zidana. Ez zen erabaki arin bat izan. Eta urtebeteko hausnarketa haren ondoren pausoa ematea erabaki nuen.

Nola hartu zuten erabakia familiak, laguneak, lanean?

Amari esan nion aurrena. Gero, poliki-poliki, joan nintzen esaten lagunei, lanean, bandan... Harritu egin ziren. Baina, denbora pasatzean denek esaten dizute, "zure bizitza ikusita ez gaitu harritzen". Lanean pena handia hartu zuten. Badakit gaur egun apaiz izateak harridura sortzen duela baina maite zaituenak gauza bakarra nahi du: Mikel zoriontsu ikustea. Familia oso pozik sentitu nuen ordenazio egunean. Arrebak hala esan zidan: "Nire pozik handiena da bidez aldatu zarela baina zeu izaten jarraitzen duzula".

Nola gogoratzen duzu maleta hartu eta etxetik alde egin zenuen egun hura?

Oso polita izan zen. Familia besarkatu eta emozioz malko batzuk bota nituen. Nire kuttuna den La mision pelikulako soinu banda entzunez abiatu nintzen kotxean. Izan ere, une hartan, nire bizitzan misio berri bat hastera nindoan.

San Inaziori mirespena diozu. Zertan markatu zaitu?

Gauza askotan. Ausardia izan zuen bere barruko desioa entzun eta erantzuteko eta nik hori asko baloratzen dut. Bestalde, norbere interesak albo batera utzi eta bizitzan ongia eta gaizkia bereiztuz Jainkoaren borondatea bilatu eta betetzen maisua izan zen, eta espiritualitate hori harengandik ikasi dut: denean maitatu eta zerbitzatu Jainkoaren aintzarik handienerako. Erroman lantzen ari naizen tesina horretaz da.

Apaiz bokazioa minimoetan dago Euskadin. EAEn azken bi urteetan lau apaizgai baino ez dituzte jaso. Nola ikusten duzu egoera?

Ukatu ezin den gauza da bokazioetan dagoen krisia. Baina bokazio krisia ez dago apaiz bizitzak zentzua galdu duelako; orokorragoa da, kristau bokazioan dago krisia. Bizitzak gorabehera handiak ditu: gaixoketak, istripuak, sufrimenduak, pobrezia... Eta hor ikusten naiz ni, Jaunarena den argitxoarekin sufritzen ari den jende horren ondoan. Sufritzen daudenengandik ikaskizun handiak jaso ditut bizitzan. Jende asko hurbildu zait esanez arazo handiren bat duenean, larritasunean, akordatzen dela Jaunarekin. Tristea da esatea, baina gaur egun gizartean hainbeste gauza ikasten dugu eta bizitzen ez dugu ikasten. Adibidez, ez diogu geure buruari galdetzen bizitzak eta heriotzak zer zentzu duten, heriotzarekin dena bukatzen al den... Guzti horretan fede esperientziak garrantzia handia du. Benetan merezi du bizitza honetan fedearen bidean bilatzen saiatzeak, kristau bezala bizitza beste modu batera bizitzen da.

Zergatik uste duzu gaur egungo gazteek ez dutela federik? Elizak hutsak daude.

Eliza bezala galdetu behar dugu zertan ez dugun asmatu. Gizarteak aldaketa handia eman duela kontziente gara. Egoistagoak gara, indibidualistagoak. Gure aitona-amonek bizitzaren aurrean zituzten baloreak gaurko gizartean bigarren planora pasatu dira, fedea hamargarrengora eta lehenengoan dago unean unekoa bizitzea. Zentzu horretan, Elizak autokritika egitea beharrezkoa eta garrantzitsua da.

Jendearengan bokazioa sortzea eta hutsune horretan nola eragin asmatzea al dira Elizaren erronka nagusiak?

Hain zuzen, horren inguruko ikasketak ari naiz egiten. Teologia espiritualaren erronka nagusienetakoa da gizakiaren eta jainkoaren artean erlazioa sortzen laguntzea. Nire ikasketetan, teologiaz gain garrantzia handia dute soziologiak eta psikologiak. Gaur egungo Elizaren erronka handienetakoa da gizartearen eta jendearen beharrak eta kezkak ezagutu eta hutsune horietara iristea. Gaur egun, jende askoren barruan hutsune handia ikusten dut. Horrek kezka eta pena ematen dit. Apaiz bezala, pertsona horiengana iritsi nahiko nuke, hutsune horiei erantzuna bilatzen laguntzeko.

Eliza zaharkituta geratu al da?

Elizak instituzio bezala 2.000 urteko historia du eta egun batetik bestera gauzak aldatzea kostatu egiten da. Egia da gauza askotan berritzen joan behar duela. Nik uste dut gauza asko adierazten ez dugula jakin izan edo diskurtso pixka bat gogorra erabili dugula. Ni ez naiz atrebitzen esaten zaharkituta geratu dela Eliza, baina Frantzisko aita santua egiten ari den saiakera erronka bezala hartu behar dugu. Haren jestuek, hitz egiteko moduak, freskotasuna ekarri dute. Jendea bizitzen ari den errealitatearekin bere mezuak konektatzen jakin du eta Elizak bide horretan animatu behar du.

Belaunaldi aldaketa bermatuta dagoela uste al duzu?

Ez dakit. Gizarte honen ezaugarri nagusienetakoa da ekonomiaren arloan, kulturan, filosofian, teknologian, zientzian... aldaketek daramaten abiadura. Hori Elizara ere eraman behar dugu. Ni ez nau kezkatzen zenbat izango garen, baizik gaudenak benetako testiguak izan gaitezela.

Emakumeak apaiz izateko aukera nola ikusten duzu?

Egun ez da posible. Parekidetasuna lortu nahi den gizartean, galdera hori Elizari planteatzea bidezkoa ikusten dut eta Elizak gizartearen aurrean dauden arrazoiak egoki agertzen saiatu behar du. Dena den, badaude Elizan beste esparru batzuk eta horietan emakumearen presentzia handiagoa izan daiteke. Bide hori jorratzea posible da. Aita santuak aukera horiek sakontzeko asmoa agertu du. Aberastasun handia litzateke ahal den esparruetan emakumearen presentzia bermatzea eta sustatzea.

Egokia iruditzen al zaizu Elizak erakunde modura pederastia kasuen aurrean erakutsi duen jarrera?

Kasu guztiak onartezinak dira eta barkamena eskatu behar dugu ez behin, mila aldiz. Pederastia gaiaren inguruan, Benedikto XVI.a hasi zen kontua argitzen eta pauso handiak eman dira ordutik. Elizaren barruan sentsibilizazio handia dago gaiaren inguruan, neurri asko hartu dira eta gure esku dauden bitarteko guztiak jarri behar ditugu halako gertakari larririk berriro gertatu ez dadin.

Iazko irailaren 13an apaiztu zinen, Donostiako Artzain Onaren katedralean. Nola gogoratzen duzu egun hura?

Jaunaren maitasuna sentitu nuen, nirekin zegoela. Jendearen aldetik ere oso maitatua sentitu nintzen. Familia, lagunak... katedrala bete egin zen. 80 apaiz baino gehiago izan ziren. Poz handia dut, bai katedralera, bai Azpeitian eman nuen meza berrira osaba-izeba eta lehengusu guztiak etorri ziren. Bandako kideak, enpresakoak, lagunak, herritarrak... ere bai. Azpeitian eman nuen meza berria ederra izan zen, desberdina, askoz ere familiarragoa.

Perun misio esperientziak bizi izan dituzu. Zer harreman duzu Perurekin?

Oso harreman handia dut. Pertsonalki ezagun asko ditut han. 15 urteko seme besoetakoa dut Selvan. Pozoituta, bere buruaz beste egiten saiatu zen eta zelai batean bilatu zuten hiltzorian. Negarrez esaten zidan ez zuela nahi bizi eta Jaunarekin haserre zegoela bizitza salbatu ziotelako. Prozesu sakon baten ondoren, Jaunarekin haserre egotetik bizipoza eta itxaropena berreskuratu zituen. Fedeak gauza handiak egiten ditu. Nik han egin dezakedana baino gehiago jaso egiten dut. Ikaskizun handia da Peru.

Homosexualitatea gaixotasuna dela esan izan dute Elizan.

Aita santuaren hitzekin geratzen naiz: "Nor naiz ni epaitzeko".

Abortuaren kontra dago Eliza.

Ni abortuaren kontra ez noa; bizitzaren alde noa eta horretan lagundu behar dugu. Modu positiboan pentsatzea eta planteatzea gustatzen zait. Abortuaren kontrako jarrera salatzetik pasatu beharko genuke bizitzaren aldeko jarrera defendatzera. Hortik aurrera, kontzientziatik bakoitzak erabaki beharko du zer egin. Agian ez dugu asmatu gauzak modu egokian azaltzen. Bizitzaren aldeko apustuan benetan sinesten dut.

Zelibato botoa egina duzu.

Zelibatoa ezin da ulertu Jaungoikoaren maitasun esperientzia hau gabe, bestela karga handi bat litzateke. Niri umeak asko gustatzen zaizkit baina seme-alabak eta emaztea izan beharrean zelibato-bizitza aukeratu dut apaiz izanez. Bide horretan, askatasun handiagoa sentitzen dut nire bihotza Jainkoari eta herriari gehiago emateko. Baditu bere zailtasunak ere. Horregatik lanketa prozesu sakona eskatzen du, norbere barneko inpultsoak, sentimenduak entzun eta landu behar dira. Bide horretan Jainkoaren maitasuna eta herriaren maitasuna zutabe sakonak dira.

Aita santu berriaren jarrera aurrerakoiaz zer diozu?

Niri aita santu honek ilusioa pizten dit. Oso ondo komunikatu eta jendearengana iristen da. Aurka joateari utzi eta benetan erakutsi diezaiogun gaurko munduari guk sinesten dugun horren edertasuna, maila guztietan: sexuan, abortuan edo apaiz izatean.

Eta Munilla gotzainaren jarrera atzerakoiaz?

Elizaren barruan aniztasun handia dago eta hori aberatsa da, baina guztiak norabide berean joatea eta batasuna izatea ere garrantzitsua da. Nire erreferentzia Jesusek eta haren estiloak izan behar du, Elizako seme izanez. Zatiketak Elizari min handia egiten dio eta gizartearen aurrean ere sinesgarritasuna galtzen du.