Trikitiak eta panderoak nagusi Azpeitiko kaleetan Triki Giroren hasieran

Uztarria.eus 2016ko api. 22a, 21:58

Ume, gazte eta heldu, ikasle eta maisu, Urola Erdiko dozenaka trikitilari eta panderojole elkartu dira gaur arratsaldean Azpeitiko plazan, gauean ere luzatuko den Triki Giro jaialdiari ekiteko pronto. Zazpietan zuten jarria hitzordua eta ordu horretarako plazan, Sanagustinpean, Sanagustin kulturgunean eta inguruetako tabernetan taldetxoko elkartzen joan dira musikariak. 19:15ean hasi da festa; borobilean jarrita, trikiti eta panderoak astintzen hasi dira batzuek eta besteak plazan bertan. Han pieza batzuk jo ondoren ekin diote Alde Zaharreko kaleetara eraman dituen kalejirari.

21:00etan Sanagustinen elkartuko dira, afaltzeko, eta 23:00etatik aurrera erromeria egingo da bertan, Bide Batez-ekin.