Joseba Albizu Titan Desert itzulian ariko da aurten ere

Uztarria.eus 2016ko api. 22a, 18:57
Joseba Albizu, 2015eko Titan Desert-ean ateratako argazkian.

Apirilaren 24tik 29ra, igandetik zapatura, jokatuko da proba Marokon. Iaz jokatu zuen lasterketa lehen aldiz Azpeitiko txirrindulariak eta, aurten, taldekako sailkapena eta etaparen bat irabazteko helburuarekin doa.

Joseba Albizu azpeitiar txirrindulariak Marokoko GAES Titan Desert Garmin itzulian parte hartuko du aurten ere. Igandean, hilak 24, hasi eta hurrengo zapatuan, hilak 30, bukatuko da lasterketa. Sei etapa dira: lehen biak menditsuak eta ondorengoak lauak, desertuan barrena. 120 eta 135 kilometroko probak izango dira lehenak, 1.800 eta 2.300 metroko maldarekin, hurrenez hurren. Haiek amaitu, eta zazpi orduko bidaia egin ostean, deskantsu eguna izango dute, asteartean. Ondoren, Marokoko Merzuga udalerriaren inguruetako desertuan barneratuko dira ziklistak; ehun kilometro inguruko lasterketak izango dira horiek.

Iaz bezala, MRR-Powerade taldearekin doa Marokora Albizu, eta Julen Zubero eta Vidal Celis izango ditu taldekide. "Oso talde orekatua" da beraiena, azpeitiarraren iritziz, eta taldekako sailkapena irabaztea izango dute helburu. "Hirurok puntuatzeko moduko txirrindulariak gara, eta erronka horrekin irtengo gara", esan du. Bestalde, etapa bat irabazteko ilusioarekin ere badoa Albizu: "Sailkapen nagusian posturen bat lor badezaket, oso ondo; baina, printzipioz, etaparen bat dut buruan". Diego Tamayo joan den urteko irabazlea eta Ondrej Fojtik duela bi urteko garailea han izango dira; Albizuk uste du haiek direla faborito nagusiak.

Lasterketa berezia eta mediatikoa

"Lasterketa berezia" da Titan Desert, Albizuren hitzetan. Berarentzat ibilbide egokiagoa duten proba asko daudela dio azpeitiarrak, baina Marokoko basamortukocesperientziak "xarma" duela uste du. "Lasterketa mediatikoa da, paraje desberdinetan, eta zerbait gehitzen dio horrek esperientzia honi", azaldu du. Bigarren aldiz parte hartuko du Albizuk Titan Deserten: "Joan den urtean lasterketa ezagutu nuen, eta oso garrantzitsua da hori". Horrez gain, ikusi zuen "inportantea" dela nabigazioa, GPSarekin lasterketaren norabidea kontrolatzea. "Deskantsua ere gakoa da, hori ondo dakigu", gaineratu du.

Espainiako Teledeporte kateak iluntzero emango du lasterketaren laburpena, eta Internetez ere egongo da aukera txirrindularien urratsak jarraitzeko. Lasterketa bakoitzean lau edo bost gunetan hartuko diete denbora eta postua. 21. dortsala da Albizurena.