Eneko Ibarguren auzipetu du Espainiako Auzitegi Nazionalak, "erakunde terroristako kide" izatea egotzita

Uztarria.eus 2016ko api. 22a, 17:58

Beste 46 lagunekin batera auzipetu dute azpeitiarra; Herrira-rekin lotutakoak, abokatuak eta Etxerat eta Jaiki Hadiko kideak dira. Ibarguren 2013ko irailaren 29an atxilotu zuten, Herrira-ren kontrako operazioan, eta hiru egun beranduago utzi zuten aske.

Eneko Ibarguren Kurku azpeitiarra eta beste 46 lagun auzipetu ditu Espainiako Auzitegi Nazionaleko Eloy Velasco epaileak. Herrira-rekin lotutakoak, abokatuak eta Etxerat eta Jaiki Hadiko kideak dira eta, azpeitiarraren kasuan bezala, ia guztiei "erakunde terroristako kide" izatea leporatu die, "ETAren espetxe frontea" osatzea egotzita.

Ibarguren 2013ko irailaren 30ean atxilotu zuen Guardia Zibilak, Herriraren kontra egindako operazioaren barruan; "Gipuzkoako Herriraren zuzendaritzako kide izatea" egotzita atxilotu zuten azpeitiarra. Lau egun beranduago, urriaren 3an, utzi zuen aske orain auzipetzea agindu duen Velasco epaileak berak. Egun berean harrera egin zioten Azpeitian; eta hurrengo egunean, berriz, elkarretaratze jendetsua izan zen plazan, Ibargureni babesa agertzeko eta presoen inguruko mugimenduaren kontrako erasoa salatzeko.

2015eko urtarrilean, berriz, 2013ko Herriraren kontrako sarekadan atxilotutako guztiak deklaratzera deitu zituzten, tartean Eneko Ibarguren, langileen aurkako delitua egotzita. 11/2013 sumarioa da Velascok orain irekitakoa eta, hor, aparteko pieza modura sartu du auzi ekonomikoa, abokatuen eta Herrira-ren diru kontuekin lotuta. Zergarik ez ordaintzea eta dirua zuritzea egotzi diete abokatuei, eta langileen segurtasunaren aurkako delitua Herrirari.

Presoen inguruko taldeetan aritzeagatik auzipetu dituzten 47 lagunen zerrenda osoa eta informazio gehiago, Berria.eus-en