Sustapen Planera 300.000 euro bideratuko ditu aurten Udalak

Uztarria.eus 2016ko api. 22a, 15:00
Agustin Lizarralde Ekonomia zinegotzia, Jone Artola Udaleko teknikaria, Eneko Etxeberria alkatea eta IƱaki Zabaleta Azpeitia Berritzeneko ordezkaria

2016ko aurrekontutik diru kopuru zehatz bat sustapen ekonomikora bideratuko du Azpeitiko Udalak, 300.000 euro, hain zuzen. Horiez gain, 200.000 euro bideratuko ditu formakuntza sustatzeko egitasmoetara.

2016ko aurrekontutik diru kopuru zehatz bat sustapen ekonomikora bideratuko du Azpeitiko Udalak, 300.000 euro, hain zuzen. Horiez aparte 200.000 euro bideratuko dituzte formakuntza sustatzeko egitasmoetara. 

Lau lerrotan banatuko dituzte enplegua sustatzeko nahiz berrikuntzarako-eta bideratutako diru-laguntzak: enpresa eta industria proiektu estrategiko edo berritzaileak bultzatzeko; ekintzailetza sustatzeko; berrikuntza sozialeko proiektuak bultzatzeko; eta merkataritzan eta lehen sektorean enplegua sustatzeko. Laguntzak eskatzeko epea zabalik izango da urriaren 31 bitartean.

Sustapen Planaren xehetasunak:

Herriko eragile ezberdinekin bildu ondoren, lau lerro edo ardatz nagusitan banatu ditu Udalak ekonomia sustatzeko planaren barruko diru-laguntzak:

  • Enpresa eta industria proiektu estrategiko edo berritzaileak:  Guztira, 165.000 euro bideratuko ditu Udalak lan lerro honetara. Diru-laguntza honen onuradun izango dira, alde batetik,  20 langile baino gutxiago dituzten enpresak eta proiektu berritzaileak eta Azpeitiaren dibertsifikazioa bultzatzea helburu dutenak. Bestalde, langile kopurua kontuan izan gabe instalazio eta ekipamendu tekniko eta teknologikoetan gutxienez 120.000 euroko inbertsioa duten enpresak ere jaso ahal izango dituzte diru-laguntzak. Horiez gain, enpresa berriak baina gutxienez 35 langile kontratatzen dituztenak ere izango dira onuradun. Horien kasuan inbertsioak 60.000 eurokoa izan behar du ekipamendu tekniko eta teknologikoetan.
  • Berrikuntza sozialerako proiektuak: Diru-laguntza jaso ahal izango dute Azpeitiko irabazi asmorik gabeko elkarteek. Proiektuek ekintzaileak izan beharko dute, eta balio solidarioak, komunitarioak edo gizarte-justiziakoak barnebiltzen dituztenak. Enplegua sortzeko asmoa agertu beharko dute, baldin eta proiektua gauzatzeko langileak behar badituzte edo epe motzean enplegua sortuko dutela aurreikusten badute. Udalak 35.000 euro bideratuko ditu izaera sozialeko proiektuetara, eta proiektuko 10.000 euro jaso ahal izango dira.
  • Ekintzailetza: Autonomoak eta ekintzaile berriak nahiz ekonomia sozialeko enpresak sortzen dituztenak jaso ahal izango dituzte diru-laguntzak. Udalak 60.000 euro bideratuko ditu ekintzailetzaren esparrura. 
  • Merkataritza eta lehen sektorerako laguntzak: Udalak 40.000 euro bideratuko ditu esparru honetara. Merkataritzako edo lehen sektoreko enpresek jaso ahal izango dute diru-laguntza, baita merkataritzako eta lehen sektoreko jarduerak Alde Zaharrean, Nuarben eta Urrestillan jartzen dituztenek ere. Langabezian dauden herritarrak kontratatzeagatik eta hiru hilabeteko kontratua egiteagatik, 600 euroko laguntza jasoko dute. Aldiz, sei hilabeteko kontratua egiten dutenek 1.200 euro eskuratu ahal izango dituzte. Merkataritzari dagokionez, internet bidez produktuak salgai ipintzeko ataria martxan jartzeagatik onuradunek gehienez 200 euroko laguntza jasoko dute. Dendetan berrikuntzak egiteagatik 1000 eta 3000 euro bitartean jasoko dute. Hainbat merkatari elkartu eta elkarlanean proiektu bat aurkeztuz gero ere jasoko dute diru-laguntza. Gutxienez hiru merkatari bildu beharko dira izen amankomunarekin. Gehienez 10.000 euroko laguntza bideratuko da horretara. Lehen sektorean instalazioak modernizatu eta estabilizatzeagatik 2.000 euroko diru laguntza jasoko dute eta bertako produktuen kontsumoa sustatzeagatik 200 eta 300 euro artean. Merkataritzako eta lehen sektoreko jarduerak Alde Zaharrean, Nuarben eta Urrestilan jartzen dutenek alokairuaren kostuaz gain, 3000 euroko diru-laguntza jasoko dute.

Sustapen Planaren inguruko informazio gehiago jaso nahi duenak Azpeitia Berritzenek Sindikatu Zaharreko bigarren solairuan duen bulegora joan beharko du gaurtik urriaren 31ra bitartean edo 943-15 71 83 zenbakira deitu. Diru-laguntzen eskera udaletxean egin beharko da. Eskaera orriak Azpeitiko Udalaren webgunean daude eskuragarri.